Politika -
Epaia
Anna Gabrielen eskubideak urratu ziren, Gasteizen ematen ari zen hitzaldia galarazita
CUPeko diputatu ohiak 2017ko irailaren 15ean Gasteizen eman behar zuen hitzaldi bat galarazi egin zuten. Orain, epaile batek ebatzi du Anna Gabrielen oinarrizko eskubideak urratu zirela.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
2017ko irailaren 15ean, Anna Gabriel CUPeko bozeramaile ohiari Gasteizen hitzaldi bat ematea galarazi zioten eta orain epaile batek haren oinarrizko eskubideak urratu zirela ebatzi du.
Duela urtebete inguru, Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkariaren bidez, helegite bat aurkeztu zuen hitzaldi hura debekatzeko eskatuz. Kataluniako erreferenduma babesteko "legez kanpoko ekimena" zela argudiatu zuen, Auzitegi Konstituzionalak galdeketa hura bertan behera utzi zuelako.
Guardiako epaitegiak Espainiako Gobernuaren ordezkariaren helegitea onartu zuen eta, hark galdegin bezala, ekitaldia galarazteko kautelazko neurriak hartu zituen. Horrela bada, Udaltzaingoak hitzaldia etenarazi zuen, hasi eta 40 bat minutura.
Orain, Gasteizko administrazio auzietarako epaitegiak gaia zorrotz aztertu du eta Espainiako Gobernuaren ordezkariak aurkeztutako helegitea atzera bota du, Anna Gabrieli arrazoia emanda. Halaber, Estatuko Administrazioak ordaindu beharko ditu prozesu judizial honen kostu guztiak.
Ebazpenaren arabera, hitzaldi hura ezin zitekeen "hauteskunde kanpaina bateko ekitalditzat jo", besteak beste, Auzitegi Konstituzionalak erreferenduma baliorik gabe utzi zuelako eta, beraz, erreferendumik egongo ez bazen, ez zitekeen hauteskunde kanpainarik egon.
Ildo horretan, epaileak dio hitzaldi haren helburu bakarra "Katalunian bizi zen egoera politiko eta konstituzionala aztertzea" zela eta, ondorioz, ekitaldia galarazita, biltzeko askatasuna eta adierazpen askatasuna bezalako eskubideak urratu zirela.
Areago, Udalaren lokal bat erabiltzea debekatzeko eskatuta, Anna Gabrielen eskubide konstituzionalak urratu zirela dio ebazpenak; izan ere, botere publikoak, kasu honetan Gasteizko Udalak, "neutrala" izan behar du eta ezin zuen CUPeko diputatuak erabiltzea eragotzi, "haren iritziak edo ideologia gustuko ez dituelako".
Amaitzeko, epaileak dio hitzaldia aldez aurretik debekatuta, Giza Eskubideen Europako Auzitegiko doktrina bat urratzen dela. Doktrina horren arabera, ekimena gauzatzea utzi behar da, deliturik izan den edo ez ondoren ebazteko.