Politika -
OMENALDIA
Juvenal Villafañe omendu dute Andoainen, ETAk hil zuela 25 urte bete direnean
1993an hil zuen ETAk 77 urteko guardia zibil erretiratua, Andoaingo bere etxe parean bonba bat leherrarazita.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
25 urte bete dira ETAk Juvenal Villafañe guardia zibil erretiratua hil zuela, Andoainen. Gaur, hilketa hura gogoratu du herritar talde batek.
Villafañeren alaba eta biloba egon dira ekitaldian, eta lore-eskaintza egin dute ETAren biktimak oroitzeko Jose Luis Lopez plazan dagoen oroitarrian. Minutu bateko isilunearen ondoren, bertaratu direnen txaloekin amaitu da omenaldia.
Maider Lainez Andoaingo PSE-EEko zinegotzia eta Estanis Amutxastegi alkate ohi sozialista izan dira ekitaldian, besteak beste. Maite Pagazaurtundua, Maixabel Lasa eta Mari Paz Artolazabal ETAren biktimak ere bertan izan dira.
Hildako guardia zibilaren bilobak hartu du hitza omenaldian, eta eskerrak eman dizkie bertaratu diren guztiei. Urtero egiten dute hilketa gogoratzeko ekitaldia, baina aurten, 25 urte bete direla eta, omenaldi berezia egin dute.
1993ko irailaren 16an hil zuen ETAk 77 urteko guardia zibil erretiratua, bizi zen etxebizitzaren atarian bonba bat leherrarazita.