Politika -
Elkarrizketa batean
ETArekin kontaktuak ukatu ditu Zapaterok
ETAk eta ezker abertzaleak "negoziaketarako lekurik ez dagoela ongi dakite, armak utzi behar dituztelako", azpimarratu du Gobernuko presidenteak.
Erredakzioa
ETAk armak uzteko benetako borondaterik ez duela uste du Jose Luis Rodriguez Zapatero Gobernuko presidenteak. Era berean, Exekutiboak terroristekin harremanak dituenik ukatu du presidenteak, eta ETAk egun bizirik irauteko sekula baino aukera gutxiago dituela erantsi du.
Veo7 telebistan egindako elkarrizketan, "inolako kontakturik ez" dagoela azaldu du Zapaterok. ETAk eta ezker abertzaleak "negoziaketarako lekurik ez dagoela ongi dakite, armak utzi behar dituzte", gaineratu du agintariak.
ETAren iragarpen gehiago izatea ez du baztertzen Gobernuak, Exekutiboko buruzagiak azaldu duenez, baina "ekintza terrorista utzi edo mantentzeko gaitasun eta borondatea duten" errealitateak eta ekintzek demostratuko dute.
ETA "behin betiko amaitu" dela esan ahal izateko eguna heltzeko denbora asko beharko da, baina demokrazia irabazi duela esan daiteke egun, presidentearen ahotan.
Ezker abertzaleak erakundeetan izateko dituen aukeren inguruan galdetu diote agintariari. Legeak bete behar dituztela gogorarazi du Zapaterok. Terrorismoa babestu dutenek eta orain urrundu direla diotenek "demostratu behar dute". "ETA gaitzestea pauso garrantzitsua izango litzateke, baina auzitegiek azken hitza dute", erantsi du.