Politika -
'Ipurdia erakutsi' zien
18 hilabeteko zigorra ertzainei 'ETA hil itzazu' oihu egiteagatik
Auzipetuak "mozkor" zegoela esan du, "bost ardo, bi gin tonic eta bost garagardo" edan zituelako. Horregatik, "jakinaren gainean" egin ez zuela argudiatu du.
Erredakzioa
Bilboko azken festatan, ETAko presoen aldeko manifestaldi batean parte hartu zuen gizon batentzako 18 hilabeteko espetxe-zigorra eskatu du Marcelo de Azcarraga Auzitegi Nazionaleko fiskalak. Auzipetuaren arabera, "mozkor" zegoen eta Ertzaintzari "ipurdia erakutsi" zion. Era berean, "ETA hil itzazu" oihu egin zien.
Epaiketa sententziaren zain geratu da. Gertatutakoaz oroitzen ez dela ziurtatu du Juan Madariaga Elorriaga akusatuak. Gertakariak abuztuaren 24ean jazo ziren. "Mozkor" zegoela adierazi du Madariagak, izan ere, "bost ardo, ardo botila bat bazkarian, zapakina, bi gin tonic eta bost garagardo" edan zituen. "Ertzaintzari adarra jotzen ibili ginela esan zidan koinatuak", erantsi du.
Mungiako (Bizkaia) bizilagunak auzitegiari azaldu dionez, "zipaio" eta "zakurrak" deitu zien ertzainei. "Pim, pam, pum", "ETA hil itzazu" eta "Gora ETA militarra" bezalako oihuak egin zituela onartu du, baina "jakinaren gainean egin ez" zuela gaineratu du. "Ertzain batzuk lagunak ditut eta gai horren aurka nago", adierazi du.
Alkoholaren alibiaren kontra egin dute hiru ertzain lekukoek epaiketan. Gizona "ipurdia erakusteagatik" atxilotu ez zutela azaldu dute ertzainek, "ETAren alde oihu egiteagatik" baizik. "Harrokeriaz" jokatu zuela salatu dute ertzainek, izan ere, bati garagardoa gainera bota zion "egarri ote zen" galdetu ostean.