Politika -

Bateraezintasunak

Presidente ohien pentsioak mugatzea arbuiatu dute PSOEk eta PPk

Felipe Gonzalez eta Jose Maria Aznar presidente ohiek kobratzen dituzten biziarteko pentsioak defendatzeko garaian bakarrik geratu dira PSOE eta PP Diputatuen Kongresuan.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Felipe Gonzalez eta Jose Maria Aznar presidente ohiek kobratzen dituzten biziarteko pentsioak defendatzeko garaian bakarrik geratu dira PSOE eta PP gaur Diputatuen Kongresuan. ERCk, IUk eta ICVk mugak jarri nahi zituzten Lege Organiko baten bidez, baina PPren eta sozialisten gehiengoak ekimena bertan behera utzi du.

Gaspar Llamazares IUko bozeramaileak proposamena azaldu du. Lan politiko "noble, duin eta zuzena" defendatu du Llamazaresek. Politikariak "pribilegiatuak" direnik ukatu du IUko ordezkariak, "bokaziozko" ogibidea delako eta ekintza publikoarekin konpromisoa dutelako.

Proposamenaren borondatea "gardentasunean aurrera egitea" da, "ustelkeria politikoaren bezpera, publiko eta pribatuaren arteko zalantza delako", Llamazaresek azaldu duenez.

PSOEren kontrako botoa justifikatu du Daniel Fernandezek. Ekimenak bateraezintasunen eraginkortasuna hobetzen ez duela uste dute sozialistek. Neurriak "norabide okerrean doaz eta Parlamentuaren osasun onarentzako kaltegarriak dira", Fernandezen hitzetan, politikaren "profesionalizazioari" laguntzen diotelako.

Vicente Ferrer diputatuak PPren aurkako botoa azaldu du. IUk proposatzen dituen aldaketak ez dira beharrezkoak orain, adierazi du PPko ordezkariak, "ez dira aproposak, oportunistak baizik".

CiUk ekimena babestu du, presidente ohien biziarteko pentsioen bateraezintasuna berriz aztertu behar delako, presio ''lobby''en interesak agertzea saihesteko.

Azkenik, lanpostu pribatu baten truke jasotzen duen soldata ordainsari publikoa baino handiagoa den kasuetan presidente ohi batek pentsioa kobratzen jarraitzea "onartezina" dela esan du Aitor Esteban EAJko ordezkariak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea