Politika -

Elkarrizketa ETBn

Miñao auzian Urkulluri lidergoa falta izan zaiola esan du Oyarzabalek

EAEko PPko idazkari nagusiak kritikatu du EAJko presidenteak mahai gainean kolperik eman ez izana "alderdi barruan ordena ezartzeko".

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñaki Oyarzabal Euskadiko PPko idazkari nagusiak adierazi du Iñigo Urkullu EAJko presidenteari "lidergoa" falta izan ziola Miñao auzian, ez baitu "kolperik" eman "mahai gainean", alderdi barruan ordena ezartzeko.

Halaber, "Arabako EAJren konfiantza muina" auzipetuta dagoela gogorarazi du, eta arabarrek EAJrena ez den Gobernu bat merezi dutela gaineratu du.

ETB-2ko "Egun on Euskadi" saioan egindako elkarrizketa batean, Oyarzabalek esan du Eusko Legebiltzarreko ikerketa batzordean "arazoak" daudela, auzipetu eta lekuko batzuk ez baitaude "laguntzen" ari.

Bere ustez, batzordeak "azken muturrera" eraman behar du ikerketa, "Arabako EAJko zuzendaritza osoa susmagarri egin duen ustelkeria sarea zehatz mehatz nolakoa izan den argitzeko".

''Popularren'' presidenteak iritzi dio gertatutakoa "oso larria" izan dela, "arerio politikoei espioitza" ere egin baitiete.

Joan den astean egin zituen adierazpen polemikoei dagokienez (Ertzaintza PPri espioitza egiten ari zelako ez zituela ETAko kideak atxilotzen esan zuen), asmoa ez zela "orokortzea" ziurtatu du.

ETA eta Batasuna

Bestaldetik, Oyarzabalek esan du Batasunak parte har dezakeela hauteskundeetan ETA desegiten badu eta egindako kaltea aitortzen badu.

Bere hitzetan, galarazi egin behar da "ETAren marka berriak" hauteskundeetara aurkeztea, haien asmoa "gizartea zatitu eta estortsio eta mehatxu egiten eta terrorea zabaltzen izan direnak babestu nahi dituen proiektu totalitarioa defendatzeko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea