Politika -

Katalunia

Kataluniako Konstituzioaren oinarriak ezarriko dituen foroa eratu nahi du Torrak

Gobernuaren plan berriak lau ardatz ditu: Katalunia bateratuta; ekonomia oparo, arduratsu eta jasangarria; demokratikoki indartutako gizarte aske eta zuzena, eta mundura irekitako Katalunia.

Quim Torra. Argazkia: EFE
Quim Torra. Argazkia: EFE
Quim Torra. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Quim Torra Generalitateko presidenteak Kataluniako Gobernuak legealdi berrirako aurreikusitako plana aurkeztu du gaur. Bi gai nagusi izango ditu horrek: lau urteko legealdi osoa betetzea eta Kataluniako Konstituzioaren oinarriak ezarriko dituen Foro Sozial, Herritar eta Konstituziogilea eratzea.

Gobernuaren plana aurkeztu duenean, Torrak aurreratu du Elsa Artadi buru duen Presidentetza Kontseilaritzaren eskuetan egongo dela foro hori, eta kataluniar guztien inplikazioa bilatuko duela, zehaztu ez dituen mekanismoez baliatuta. Halaber, 2019ko Aurrekontuak onartzeko bidean, aliantzak bilatuko dituela iragarri du.

Foroa bultzatuko duen taldeari dagokionez, Torrak espero du urriaren 15a orduko osatzea. Taldea "zabala eta plurala" izango da, eta Kataluniako lurralde guztietan izango ditu ordezkaritzak.

4 ardatz, 1.000 neurri

Kataluniako Gobernuaren plan berriak lau ardatz ditu: Katalunia bateratuta; ekonomia oparo, arduratsu eta jasangarria; demokratikoki indartutako gizarte aske eta zuzena, eta mundura irekitako Katalunia.

Hori guztia betetzeko, Generalitateak 93 helburu, 1.000tik gora neurri zehatz eta 30 segimendu adierazle izan beharko ditu, betiere, "Askatasunean, kulturan eta talentuan" oinarrituta.

Torrak uste presoek ez dutela barkamena eskatu behar

Kataluniako presidentearen iritziz, kartzelan dauden agintari independentistek ez liokete Gobernuari barkamenik eskatu beharko, "delitu bat egin dutela onartzea" litzatekeela argudiatuta. "Ez dute ezeren errurik, horrenbestez, ez dute defendatu beharrik, Estatua salatu behar dute", gaineratu du.

Urriaren 1eko ospakizunak

Bestalde, urriaren 1a "garaipen egun gisa" eta "begirada nostalgikorik edo sentimentalik gabe" ospatzeko galdegin die kataluniarrei, eta Poliziak erreferenduma saihesteko iaz egindako kargaren aurrean haserrerik ez erakusteko eskatu die.

Kataluniako Gobernuak hurrengo legealdirako proposatutako planaren aurkezpenean, Torrak esan du iazko urriaren 1ean "kataluniarrek modu baketsuan eta demokratikoki" egin ziotela aurre Estatuari, autodeterminazio eskubidea erabili ahal izateko. Horregatik, "U-1a aldarrikapen eguna izan behar da", azpimarratu du.

Halaber, datozen hilabeteei begira, mobilizatzeko deia egin dio Kataluniako herriari, agintari independentisten epaiketa gogoan hartuta.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Kataluniako erreferenduma Eguneko albisteak Albisteak Kataluniako prozesua zuzenean