Politika -

Reuters Foroa

Sanchez: 'Independentistek gatazkari lehentasuna ematen badiote, hauteskundeak'

Preso independentisten aurkako epaiketek “noski, eragin politikoa” izango dutela onartu du Espainiako gobernuburuak. “Ukatzea ez litzateke zentzuzkoa”, erantsi du.

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea New Yorken. Argazkia: EFE
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea New Yorken. Argazkia: EFE
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea New Yorken. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alderdi independentistek “lankidetzaren aurretik gatazkari lehentasuna ematen baldin badiote legealdia bukatuta legoke Espainian, eta hauteskundeak izango dira”, esan du Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak, baina politikak onartu ahal izateko lankidetzari lehentasuna ematen badiote “2020ra arte eustea” posible da. Bere helburua azken hori dela aitortu du.

Reuters Foroan hitza hartu du Sanchezek. Independentzia aldarrikatzen jarraitzen duten alderdien babesaren inguruan galdetu diote Espainiako gobernuburuari. Aurrekontuak negoziatzeko, politikari presoen aldeko pausoak eskatu dizkio ERCk Gobernu zentralari.

“Aliatu potentzialek” egoera ulertzea espero du Exekutibo zentraleko buruzagiak, azkenean aurrekontu proiektua aurreko Gobernuak onartutako gastu mugarekin aurkeztu behar baldin badu.

"Alderdi Sozialistaren jarrera zein den ondo dakite independentistek"

Preso independentisten aurkako epaiketek “noski, eragin politikoa” izango dutela onartu du Sanchezek. “Ukatzea ez litzateke zentzuzkoa”, erantsi du. Gatazka arintzeko zerbait egiteko aukera ote duen galdetu diotenean, “hipotesien inguruan baino errealitateaz” mintzatzea dagokiola erantzun du agintariak.

Katalunian, bere errezeta “legea eta elkarrizketa” dela errepikatu du Sanchezek. Buruzagiaren ahotan, bere Gobernuaren lehentasuna “erakundeen arteko harremana normalizatzea” da, bere “betebeharra” hori delako, baina Generalitatearen eginbeharra unionistekin “elkarrizketa zintzo bat zabaltzea” den bezala.

“Alderdi Sozialistaren jarrera zein den ondo dakite independentistek, gure Konstituzioa, lurraldearen osotasuna eta Espainiaren subiranotasuna defendatzen ditugula badakite, eta baita lurralde aniztasuna eta Kataluniaren nortasuna aitortzen ditugula ere. Espainiako Konstituzioaren eta Estatutuaren barruan arazoa konpon dezakegula uste dut, baliabideak eta tartea ditugu”, esan du Sanchezek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika PSOE Kataluniako erreferenduma Espainiako Gobernua Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak gaur Kataluniako prozesua zuzenean