Politika -
IRAILAK 29
Puigdemontek hartuko du parte Gure Esku Dagoren Gernikako ekitaldian
Erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikak Kataluniako urriaren 1eko erreferenduma gogoratuko du. Halaber, espetxean edota erbestean dauden buruzagi independentistei elkartasuna adieraziko die.
EITB.EUS
Kataluniarekiko elkartasunez, Gure Esku Dago erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikak ekitaldia egingo du larunbatean Gernikan. Kataluniako urriaren 1eko erreferenduma gogoratuko dute eta Carles Puigdemontek parte hartuko du, bideo baten bidez. Halaber, Kataluniako eta Euskal Herriko eragile sozial eta politikoetako ordezkariak izango dira Gernikan.
Bi astetako sormen eta elkarlan prozesu baten ondoren, Picassoren "Gernika" koadroaren mural erraldoia (100x50) prest dago. Anjel Oiarbide Gure Esku Dagoko bozeramailearen esanetan, "sateliteetatik ikusteko modukoa" izango da "mezua mundu osora iritsi dadin: asmo politikoei erantzuteko tresna eta bide demokratikoak behar ditugu".
Larunbatean Gernikara joateko deia egin dute, "euskal herritarron askatasunaren, bakearen eta demokraziaren sinbolo den" herrira, urriaren 1eko erreferenduma gogoratzeko.
Erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikak urriaren 1eko erreferendumaren "izaera demokratiko, baketsu eta eredugarria" aldarrikatu nahi du Estatu espainiarraren indarkeriaren eta errepresioaren gainetik. Halaber, preso politikoei, erbesteratuei eta errepresaliatuei eta haien senideei elkartasun osoa adierazi nahi die. Hori guztia ekitaldi politiko eta kultural oso berezi batekin egin nahi du, "uneak eskatzen duen mailako oihartzuna izan dezan elkartasun keinu honek".