Politika -
Goi kargudunen ondarea
Isabel Celaa, Espainiako Gobernuan ondare gehien dituzten ministroen artean
Espainiako Gobernuko goi kargudunek aitortu dituzten ondareen zerrenda zabaldu du Estatuko Aldizkari Ofizialak. Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu ohia, diru gehien dutenen artean agertzen da.
Agentziak | Erredakzioa
Espainiako Gobernuko goi kargudunek aitortu dituzten ondareen zerrenda zabaldu du larunbat goiz honetan Estatuko Aldizkari Ofizialak. Isabel Celaa, Pedro Sanchezen Gobernuko bozeramailea eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu ohia, ondare gehien dituen hirugarren ministroa da, Pedro Duque Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate ministroaren eta Josep Borrell Atzerri ministroaren atzetik.
Estatuko Aldizkari Ofizialak mila goi-kargudun baino gehiagoren ondareak argitaratu ditu. Zehazki, gaur egungo gobernuko eta aurreko gobernuaren goi-kargudunen datuak biltzen ditu zerrenda horrek. Besteak beste, presidenteek, ministroek, Estatu idazkariek, zuzendari orokorrek eta enpresa publikoetako zuzendariek aitortu dituzten ondasunak jasotzen ditu txostenak.
Egun Espainiako Gobernuan dauden politikariei dagokienez, ondare gehien aitortu duena Josep Borrell Atzerri Gai, Europar Batasun eta Kooperazio ministroa da; 2.770.000 euro, hain zuzen ere. Berak aitortutako ondareetatik, 923.274 euro kontu korronteetan eta bestelako inposizioetan bildu ditu.
Pedro Duque Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate ministroak, berriz, milioi bat eta erdi inguruko ondasunak dituela azaldu du.
Isabel Celaa Pedro Sanchezen Gobernuko bozeramaileak, Hezkuntza ministroak eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu ohiak, 1,32 milioi euro dituela esan du akzioetan, kontu korrontean eta bestelako ondasunetan. Gainera, ondasun higiezinetan 195.408 euro ditu.
Bestalde, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak 342.990 euroko ondarea aitortu du akzioetan, kontu korrontetan eta bestelako ondasunetan.
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidente ohiak, berriz, milioi bat eta erdi inguruko ondasunak ditu.
Rajoyren aurreko gobernuari dagokionez, berriz, Isabel Garcia Tejerina Ingurumen eta Nekazaritza ministro ohiak aitortu ditu ondare gehien, hiru milioi euro baino gehiago.
Iñigo Mendez de Vigo Espainiako Gobernuko bozeramaile ohiak eta Hezkuntza ministro ohiak, bere aldetik, milioi bat baino gehiago aitortu du ondasun higiezinetan, gordailuetan eta kontu korronteetan.
Aurreko gobernuaren datuei dagokienez, Mariano Rajoy da ondare gehien aitortu dituen hirugarren goi-kargua, 1.540.000 eurorekin. Horietatik, 578.119 euro etxebizitzetan metatu ditu Espainiako Gobernuko presidente ohiak.
Zerrenda osoa, ondorengo esteka honetan ikusgai.