Politika -

Kargua etendako diputatuak

JxCat-ERC krisiak Kataluniako Parlamentua blokeatu du

Politiko Orokorreko Eztabaidaren hirugarren eta azken saioa atzeratu behar izan dute, zortzi ordu baino gehiagoko atzerapena pilatu ondoren. Saioa astearterako deituko dute, seguruenik.

Albert Batet JxCateko bozeramailea, saioa hasteko zain. Argazkia: EFE
Albert Batet JxCateko bozeramailea, saioa hasteko zain. Argazkia: EFE
Albert Batet JxCateko bozeramailea, saioa hasteko zain. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Gorenak aginduta kargua etenda duten sei diputatuen botoa ordezkatzeak krisia zabaldu zuen JxCaten eta ERCren artean. Krisiak Kataluniako Parlamentua blokeatu du gaur. Politika Orokorreko Eztabaidaren hirugarren eta azken saioa beste egun baterako utzi behar izan dute, zortzi ordutik gorako atzerapena pilatu ostean.

Saioa 12:00etan hastekoa zen, baina ordu horretan Kataluniako Gobernua osatzen duten bi talde politikoak aurrez aurre zeuden. Eztabaidagaia Gorenak aginduta kargua etenda duten JxCateko lau diputatuen (Carles Puigdemont, Jordi Sanchez, Jordi Turull eta Josep Rull) botoa ordezkatzeko formula zen.

Oriol Junqueras eta Raul Romeva kargua etenda duten ERCko bi diputatuen auzia konpondurik zegoen ordurako; izan ere, idatzi bat aurkeztu zuten biek Parlamentuaren Mahaian, Sergi Sabria taldeko bozeramailea bien ordezkari izendatzeko.

JxCatek eta ERCk adostutako ebazpenaren eredua jarraitzen zuen idatziak. Parlamentuaren osoko bilkurak asteartean onartu zuen araua. Ekimenak bi puntu zituen: lehen puntuan, Gorenak auzipetutako sei diputatuen kargua etetea errefusatu zuten, eta botoa talde parlamentarioko beste kide baten esku uzteko aukera eman zieten bigarrenean, Pablo Llarena epaileak aditzera eman zuen irtenbide berdina, alegia.

Hala ere, Junquerasen eta Romevaren idatzi bera igortzea “duintasunagatik” baztertu zuten JxCateko lau diputatuek. Parlamentuak horien kargu-etetea arbuiatu zuela uste zuten, eta, ondorioz, udaberrian eskatu eta gauzatu zuten boto-ordezkatzea indarrean zegoela.

Ordezkoa izendatzeko idatzia bidaltzen ez zituztenen botoak zenbatuko ez zirela ohartarazi zuten Parlamentuko letraduek. Albert Batet JxCateko bozeramaileak bitarteko irtenbide bat aurkeztu du goizean; idatzi bat bidali dio Mahaiari, lau diputatuen izenean bozkatzen jarraituko zuela jakinarazteko.

Baina formula hori ez zutela onartu behar ohartarazi dute berriz letraduek. Gainera, Roger Torrent Parlamentuko presidentea ere ez zegoen JxCaten estrategia onartzeko prest. Horrek krisia eragin du, eta osoko bilkura hasteko ordua atzeratzera behartu du behin eta berriro.

Torraren bulegoa, negoziazioen epizentroa

Orduan, Quim Torra presidentearen bulegoa JxCaten eta ERCren arteko negoziazioen epizentroa bihurtu da eguerdian, tentsio une bereziekin. Bi aldeak ez zirela konponbidea adosteko gai izango ematen zuen, eta, beraz, Gobernua hausteko zorian zegoela.

Azkenean, baina, akordioa lortu dute: Puigdemontek, Sanchezek, Turullek eta Rullek idatzi indibiduala erregistratu behar zuten, Albert Batetek goizean aurkeztutako agiriari abala emateko.

Torrentek eta ERCk oniritzia eman dute, baina ez letraduek; izan ere, errezeloak agertu dituzte Mahaia bildu denean. Eztabaidan, tentsioa izan da Josep Costa Parlamentuko Mahaiko presidenteordearen eta Joan Ridao letradu nagusiaren artean.

Ciudadanosek eta PSCk oztopoak jarri dituzte Mahaian, berriz aztertzeko eskaerak eta txosten juridikoak tarteko, eta horrek gehiago luzatu du eztabaida. 20:00ak aldera, zortzi ordu baino gehiagoko atzerapenarekin, saioa ofizialki atzeratzea erabaki du Torrentek. Osoko bilkura astearterako deituko dute, seguruenik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Kataluniako erreferenduma Auzitegi Gorena Eguneko albisteak Albisteak Kataluniako prozesua zuzenean