Politika -

Urriaren 20an

Orain Presoak dinamikak 'bakearen eta giza eskubideen aldeko' ekitaldi bat egingo du

Elkarbizitzan "urrats sendoak" emateko "urruntze politikarekin amaitzea ezinbestekoa" dela esan diote Espainiako Gobernuari, eta euskal presoen hurbilketa gauzatzeko bide orria zehaztea eskatu diote.

Orain Presoak dinamikak 'elkarbizitzaren alde' egingo duen ekitaldiaren aurkezpenean. Argazkia: EiTB
Orain Presoak dinamikak 'elkarbizitzaren alde' egingo duen ekitaldiaren aurkezpenean. Argazkia: EiTB
Orain Presoak dinamikak 'elkarbizitzaren alde' egingo duen ekitaldiaren aurkezpenean. Argazkia: EiTB

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Orain Presoak dinamikak "bakearen, giza eskubideen eta elkarbizitzaren" inguruko ekitaldi bat antolatu du Donostiako Miramar Jauregian urriaren 20rako. Antolatzaileek larunbat goiz honetan azaldu dutenez, alor desberdinetako pertsonak gonbidatuko dituzte ekitaldira; elkarbizitzan urratsak emateaz gain, urruntze politikarekin amaitzeko oinarriak ezartzeko baliagarria izango delakoan.

Gaur goizean egin duten agerraldian iragarri dutenez, "bakearen eta elkarbizitzaren alorrean lanean ari diren pertsonak" gonbidatu dituzte. Besteak beste, politikagintzan, sindikalgintzan, herri ordezkari gisa erakundeetan edota giza eskubideen, bakearen eta elkarbizitzaren alorrean lanean ari diren langileak gonbidatu dituzte, baita, "sufrimendua jasan behar izan duten eta jasaten duten hainbat herritar ere".

Antolatzaileek azaldu dutenez, giza eskubideen, elkarbizitzaren eta bakearen esparruan lan egiten duten ordezkariak elkartu nahi dituzte urriaren 20an Miramar Jauregian egingo duten ekitaldi horretan. Bertan, urruntze politikarekin amaitzeko oinarriak ezartzeko ireki diren aukera berriez eta, oro har, espetxe politikaren inguruan hitz egingo dute.

"Sinetsita gaude guztiok batera ekin behar diogula gai honi, guztiok batuta eraiki behar dugula elkarbizitzan eta bakean oinarritzen den jendartea", esan dute ekitaldiaren antolatzaileek. Ildo horretatik, "egungo espetxe politikan bide orri baten falta" dagoela esan diote Espainiako Gobernuari, eta elkarbizitzan aurrera urrats sendoak eman ahal izateko urruntze politikarekin amaitzea" ezinbestekoa dela gaineratu dute.

Era berean, urriaren 20an bertan, Antiguako Tuneletatik abiatuko den manifestaziorako deialdia egin dute. Orain Presoak dinamikako arduradunek azaldu dutenez, manifestazioari hasiera emango dion oihala jendartean alor ezberdinetan egiten duten lanagatik ezagunak diren 10-15 pertsonek eramango dute.

Gauzak horrela, "kalera atera eta bide honetan aurrera urratsak emateko herri nahi sendo bat dagoela erakusteko" deia egin diete antolatzaileek herritarrei. Hala, "espetxe politikaren auzia gori-gorian dagoen honetan", Espainiako Gobernuari urratsak eman dezan eskatu diote, "urruntze politikarekin amaitu" eta elkarbizitzan "urrats sendoak" emateko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAE albisteak Presoak bideoak ETA albisteak Eguneko albisteak Espetxeen albisteak gaur Giza eskubideak albisteak