Politika -

Andaluziako hauteskundeak

Abenduaren 2ra aurreratu ditu Andaluziako hauteskundeak Susana Diazek

Dagoeneko sinatu du Parlamentua desegiteko eta hauteskundeak deitzeko dekretua. Diazek esan du Andaluziako Gobernuak egonkortasunik ez duelako erabaki duela hauteskundeak aurreratzea.

Susana Diaz Andaluziako Juntako presidentea. Argazkia: EFE
Susana Diaz Andaluziako Juntako presidentea. Argazkia: EFE
Susana Diaz Andaluziako Juntako presidentea. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Susana Diaz Andaluziako Juntako presidenteak hauteskundeak abenduaren 2ra aurreratzeko erabakia hartu duela iragarri du arratsalde honetan. Hartara, legealdia bukatu baino lau hilabete lehenago egingo dituzte hauteskundeak Andaluzian.

Diazek deituta, ezohiko bilera egin du arratsaldean Andaluziako Gobernu Kontseiluak, Sevillako San Telmo Jauregian. Han, Parlamentua desegiteko dekretua sinatu, eta hauteskundeak deitu ditu. Hala, honakoarekin hiru aldiz aurreratu dituzte autonomia erkidego horretan hauteskundeak. Izan ere, legealdi osoa betez gero, 2019ko martxoaren 19rako deitu beharko lituzkete hauteskundeak.

Ezohiko bilera amaituta, Diazek agerraldia egin du komunikabideen aurrean. Andaluziako Gobernuak bizi duen "egonkortasun falta" dela eta erabaki du hauteskundeak aurreratzea.

"Andaluziak ez du bospasei hilabeteko hauteskunde-kanpainarik merezi; arduraz jokatzeko erabakia da", adierazi du.

Ciudadanosek PSOErekin inbestidura ituna hautsi eta hilabetera iritsi da hauteskundeak aurreratzeko erabakia. Sozialistek akordio horretako zenbait puntu bete ez zituztela iritzita hautsi zuen akordioa Ciudadanosek. Albert Riveraren alderdiaren esanetan, PSOEk ez zituen autonomia erkidego horretako aforamenduak kentzearekin eta Andaluziako Hauteskunde Legearen erreformarekin lotutako puntuak errespetatu.

Abenduaren 2ko bozak deitzeko, urriaren 9a baino lehen argitaratu beharko dute dekretua Andaluziako Juntako Aldizkari Ofizialean, Hauteskunde Legeak ezarritako epearen arabera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Andaluzia Politika PSOE Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak