Politika -

Presoei buruzko txostena

Presoei gradu aldaketa ukatzeko erabiltzen diren argudioak salatu ditu Foro Sozialak

Espetxe Zaintzako Epaitegiak dio, ETA existitu ez arren, "estrategia hartara bueltatzea eskatzen duten taldeak" badaudela. Besteak beste, argudio horrekin botatzen dituzte atzera presoen eskaerak.

Nazario Oleaga Bilboko Abokatuen Kolegioko dekano ohiak aurkeztu du Foro Sozialaren txostena.
Nazario Oleaga Bilboko Abokatuen Kolegioko dekano ohiak aurkeztu du Foro Sozialaren txostena.
Nazario Oleaga Bilboko Abokatuen Kolegioko dekano ohiak aurkeztu du Foro Sozialaren txostena.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2018ko uztaila eta iraila bitartean euskal presoek graduz aldatzeko egindako 46 eskaritatik 44 atzera bota ditu Auzitegi Nazionalaren menpe dagoen Espetxe Zaintzako Epaitegi Nagusiak.

Foro Sozial Iraunkorrak egindako ikerketaren arabera, euskal presoen % 95 lehen graduan daude eta horietako 27 “isolamenduan” daude, bi Castellon, zortzi Kordoban, beste zortzi Huelvan eta bederatzi Sevillan.

Foro Sozial Iraunkorraren ordezkaritza bat Jon Olarra Guridi eta Ainhoa Mujika Goñi Euskal Presoen Kolektiboko (EPPK) bozeramaileekin bildu ziren joan den uztailaren 21ean Alboloteko espetxean, Granadan, gradu aldaketaren gaia lantzeko.

Olarrak eta Mujikak azaldu zuten euskal presoek egindako “eskaera gehienak” atzera botatzen dituela Espetxe Zaintzako Epaitegiak, ETA behin betiko desegin bazen ere.

Ebazpen horiek helarazteko eskatu zieten Foro Sozialaren ordezkariek presoen bozeramaileei, datuak bildu eta erakundeekin, alderdi politikoekin eta agente sozialekin konpartitzeko. Ebazpen horiek guztiak aztertuta, txosten bat egin dute eta emaitzak gaur aurkeztu dituzte Gasteizko Europa Jauregian egindako ekitaldi batean.

Nazario Oleaga Bilboko Abokatuen Kolegioko dekano ohiak eta Foro Sozialeko kideak azaldu ditu ikerketaren xehetasunak.

Txostenaren arabera, egun 221 euskal preso daude Espainiako espetxeetan sakabanatuta eta azken hileetan gehiengoak egin du graduz aldatzeko eskaera. Alabaina, Espetxeetako Zaintza Epaitegira iritsi diren eskaera ia guztiak atzera bota dituzte. Uztaila eta iraila bitartean, adibidez, 44 eskaera baztertu eta bi baino ez zituzten onartu.

Foro Sozialak gogoratu du presoak graduz aldatzea ezinbesteko urratsa dela “erakundeetatik eta gizarte zibiletik hainbeste aldiz eskatu zaien gizarteratzerako ibilbidea hasteko”.

Espetxeetako Zaintza Epaitegiaren argudioak, zalantzan

Halaber, gradu aldaketa ukatzeko Espetxe Zaintzako Epaitegia erabiltzen ari den argudioak gogor kritikatu eta arrazoi horien balioa zalantzan jarri du Foro Sozialak.

Argudio horietako batek ondoko dio: ETA existitu ez arren, “estrategia hartara bueltatzea eskatzen duten taldeak” badaudela eta ez dakitela orain preso dagoen pertsona hori etorkizunean talde horietakoren baten sartuko den ala ez.

Ildo horretan, Foro Sozialak azpimarratu du euskal presoek publikoki esan dutela bat egin dutela ETAk nahiz EPPK-k indarkeriaren erabilerari buruz egin duten adierazpenekin eta, beraz, argudio hori ez dela bidezkoa.

Euskal presoek “taldeka, kolektibo moduan, diziplinazko egitura baten baitan” funtzionatzen dutela ere erabiltzen dute argudio gisa eskaerak ez onartzeko. Foro Sozialaren iritzian, kolektibo baten partaide izatea ez da arrazoia gradu aldaketa ukatzeko.

Justiziarekin kolaboratu ez dutela, damurik agertu ez dutela edo biktimei barkamenik eskatu ez dietela dira Espetxe Zaintza Epaitegiak erabilitako beste argudio batzuk. Foro Sozialak zehaztu du lehen gradutik bigarren gradura igarotzeko legeak ez duela horrelakorik exijitzen.

Alabaina, euskal presoek egindako mina aitortu duten kasuetan, “amarruak” direla esan du epaitegiak, “zintzoak ez diren adierazpenak” direla, onurak lortzeko asmoz egindakoak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Politika Presoak ETA Albisteak Bakea Euskadin