Politika -
Atxiloketa
Karlos Apeztegia ETAko kide ohia atxilotu dute Hernanin
Espetxean zegoenean ETAko zuzendaritzari balizko helburuei buruzko datuak eman izana egotzi diote.
AGENTZIAK | ERRREDAKZIOA
Guardia Zibilak Karlos Apeztegia Jaca ETAko kide ohia atxilotu du Hernanin (Gipuzkoa). Atzemandakoa aske zegoen 2013ko maiatzetik, baina espetxean zegoenean ETAko zuzendaritzari balizko helburuei buruzko informazioa eman izana egotzi diote orain.
Espainiako Barne Ministerioak azaldu duenez, otsailean Frantziak emandako agiriei esker egin ahal izan dute atxiloketa.
Hain zuzen ere, berriz ere erakunde terroristako kide izatea egotzi diote Apeztegiari, ETA deseginda badago ere.
Guardia Zibilaren arabera, orain atxilotutakoak hainbat pertsonaren aurka atentatuak egitea proposatu zion ETAko zuzendaritzari 2002 urtean, espetxean zegoenean, komunikazio kanal egonkorra zuelako. Gainera, pertsona horiei buruzko informazioa ere helarazi omen zuen.
Atzemandakoa Auzitegi Nazionalaren esku utziko dute hurrengo orduetan.