Politika -

Kontrol saioa

Celaa: 'Eskolan ez da izango bere burua biktimatzat jo arren ez dena'

Juanjo Agirrezabalak (EA) gogor kritikatu du euskal eskoletan "alde bateko biktimen" testigantza bakarrik jasotzea eta biktima politikoak kanpoan uztea.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Isabel Celaa Hezkuntza sailburuak ohartarazi du ikasgeletan ez dela "beren burua biktimatzat jo arren ez direnak", eta Eusko Legebiltzarrak indarkeria politikoaren biktimak zeintzuk diren zehaztu arte itxarongo duela argitu du.

Celaak Juanjo Agirrezabala EAren Legebiltzarreko bozeramaileak Jaurlaritzaren kontrol-saioan egindako galdera bati erantzun dio horrela.

Agirrezabalak bakerako hezkuntza alorrean "gauzak gaizki egitea" leporatu dio Hezkuntza Sailari eta gogor kritikatu du euskal eskoletan "alde bateko biktimen" testigantza bakarrik jasotzea eta biktima politikoak kanpoan uztea.

"Biktimen lekukotzak baliagarriak izan daitezke bakerako hezkuntzan, baina adostasunaren ondorio badira beti ere. Ikasgeletan kanpaina sektario bat egitea bada helburua, kaltegarria izango da, eta ez du fruiturik emango, ez baitu hezkuntzaren komunitatea bakerako prestatzen, kontrakoa baizik", Agirrezabalaren esanetan.

Celaak, bere aldetik, aitortu du biktima guztien testigantzak nahi dituela ikasgeletan, baina zehaztu du ez duela hanka sartu nahi "eta ikasleen aurrean beren burua biktimatzat jo arren ez direnei".

Horren harira, Celaak gogorarazi du indarkeria politikoaren biktimei buruz Jaurlaritzak egin zuen txostena Legebiltzarraren esku dagoela orain.

"Legebiltzarrak erabakitzen duenaren mende nago", azpimarratu du Celaak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea