Politika -

Torturak

EH Bildu: 'Torturekin lotutako ehun bat poliziak kondekorazioak mantentzen dituzte'

Koalizio subiranistaren esanetan, "bada horiekin amaitzeko garaia", eta hortaz, Sanchezen Gobernuari exijitu dio ken diezaiela kondekorazioa guztiei.

Marian Beitialarrangoitia gaurko agerraldian. Argazkia: ehbildu.eus
Marian Beitialarrangoitia gaurko agerraldian
Marian Beitialarrangoitia gaurko agerraldian. Argazkia: ehbildu.eus

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Giza eskubideen urraketa larriekin lotutako gutxienez ehun polizia inguruk jaso zituzten kondekorazioei gaur-gaurkoz eusten dietela" salatu du Marian Beitialarrangoitia EH Bilduko diputatuak, polizien bahiketa, tortura eta hilketen senideen biktimekin batera astelehen honetan, Donostian, egindako agerraldi batean.

Informazio bilketa eta ikerketa mardul bat egin ondoren, koalizio subiranistak frogatutzat jo du "tortura praktika ohikoa bilakatu dela denbora luzez, jardun arrunta, eta Espainiako Estatuak inpunitate osoz erantzun diola inplikatutako agente oro babestuz, bai frankismo garaian eta baita ondorengo urteetan ere".

"Frogatutako torturekin zerikusia izan arren saria jaso duten ehun polizia horien kasuen aurrean" Espainiako Estatuak "beti modu berean erantzun du: lanetik eta zeuzkan erantzukizunetatik baztertu ordez, zigorgabetasun osoa eskaintzea eta kargu hobeagoetara aldatzea izan da kolore politiko ezberdinetako gobernuen jardun nagusia azken urteotan".

"Luze da zerrenda Lasa eta Zabala, Gurutze Iantzi, Joxe Arregi, Jose Mari Larretxea, Eduardo Moreno Bergaretxe 'Pertur' edota Mikel Zabalzaren kasuen erantzuleei erreparatuta: Billy el Niño, Jesus Muñecas, Felix Criado, Meliton Manzanas, Manuel Ballesteros, Jose Ramón Pindado, Francisco Alvarez Sanchez, Juan Antonio Gil Rubiales, Manuel Davo Soler, Jose Perez Navarrete, Angel Alba Coca, Julian Marín Ríos…", esan du Beitialarrangoitiak.

"Badira behin baino gehiagotan indultatuak izan diren poliziak"

Badira, halaber, "behin baino gehiagotan indultatuak izan diren poliziak; Jose Dominguez Tuda da horren adibide". "1984an kondekoratu zuten Intxaurrondon, Joxean Lasa eta Joxi Zabala bahitu, torturatu eta hiltzeagatik kondenatutako guztiekin batera, Tolosako bi gazteak bahitu eta hilabete gutxira", gogoratu du Beitialarrangoitiak.

Sebastian Sotos Garcia, berriz, bost aldiz saritu du Estatuak, Jose Mari Larretxea Goñiren bahiketa saiakeran parte hartzea leporatuta. Gobernuburu guztiek saritu zuten gerora: Gonzalezek, Aznarrek, Zapaterok eta Rajoyk. GALekin lotutakoez gain, "Jose Martinez Salas guardia zibila ere aurki dezakegu zerrenda horretan, Tuteran, Lemoizko zentralaren aurkako protesta batean, Gladys del Estal tiroz hil zuen polizia", gaineratu du.

'BILLY EL NIÑO'

Beitialarrangoitiari, oro har, albiste ona iruditzen zaio 'Billy el Niño' bezalako poliziek "izan duten inpunitate sarea zulatzen hasteko Espainiako Gobernuak erakutsi duen borondatea", baina uste du ez dela aski.

"Bada honekin amaitzeko garaia, ez da nahikoa 'Billy el Niño'ri kondekorazioa kentzea, guztiei kendu behar zaie, baldin eta Espainiako Gobernuak ez badu uste ibilbide eredugarria izatea edo aberriaren alde jardutea denik norbait torturatzea, bahitzea eta hiltzea jardun polizialean".

Hori dela eta, EH Bilduk Sanchezen Gobernuari exijitu dio ken diezaiela kondekorazioa guztiei, Grande-Marlaska ministroak esan zuen moduan "ibilbide eredugarria" izan ez duten horiei. "Ehun kasu inguru behintzat badira, ziurrenik gehiago ere bai, beraz badu nondik hasi", ohartarazi dio.

Sanchezen Gobernuari zuzendu zaio Beitialarrangoitia diputatua, kezkatuta: "Ez dugu oso argi zein den Gobernuaren benetako asmoa, eta galdetzea derrigorrezkoa zaigu. Tortura ukatzeari, zigortutako torturatzaile apurrak indultatzeari eta goi karguetara iristeko bide emateari utziko al dio behingoz torturaren errealitatea aitortzen hasteko? Biktima guztiek merezi dute, egia, justizia, aitortza, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak; gizarte osoak behar dugu etorkizuneko elkarbizitzak oinarri sendoak izan ditzan".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Espainiako Gobernua Pedro Sánchez EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak