Politika -
Bilbon, 11:00etan
Ezker abertzaleak alderdi berria aurkeztuko du
- Alderdiaren izena eta logoa asteartean iragarriko dituzte.
- Asteazkenean Barne Ministerioan erregistratuko dute.
- EAJ, Aralar, EA eta Alternatiba ekitaldian izango dira, PSE eta PP ez.
Erredakzioa
Ezker abertzaleak alderdi eta estatutu berriak aurkeztuko ditu gaur Bilbon egingo duen ekitaldi publikoan. Asteazkenean alderdi berria Barne Ministerioan erregistratuko dute, legaltasuna berreskuratzeko asmoz. ETAren aurrean agertuko duten jarreraren zain, Gobernuak helegitea aurkeztuko duela iragarri du alderdiaren erregistroa ekiditeko.
Gara egunkariak zabaldu duenez, alderdiak antolakuntza erabat berria izango du, orain arte ezezaguna: maila gorenean Kongresu bat izango dute, Asanblea Nazionala, Exekutiba eta idazkari nagusia. Gainera, afiliatuak ere izango ditu, orain arte ezker abertzaleak izandako alderdietan ez bezala.
Alderdiaren izena eta logotipoa asteartean aurkeztuko dituzte.
Etxeberriak eta Iruinek hitz egingo dute
Ekitaldia 11:00etan hasiko da. Lokarrik, Akordioaren eta Kontsultaren aldeko Herritarren Sareak, antolatu du Bilboko Euskalduna Jauregian.
Hain zuzen, Lokarriko kide baten hitzekin hasiko da aurkezpen saioa eta ondoren Rufi Etxeberria ezker abertzaleko kide historikoak hartuko du hitza. Etxeberriak alderdi politiko berria sortzera bultzatu dituen "arrazoi politikoak" azalduko ditu.
Jarraian, Iñigo Iruin abokatuak estatutuen eduki juridikoak azalduko ditu. Estatutuak asteazkenean erregistratuko dituzte Barne Ministerioaren alderdi politikoen zerrendan.
ETAren aipamen zuzena
Inork ez daki ezker abertzaleak ETAren aipamen zuzena egingo duen ala ez, Gobernuak eta alderdi politiko gehienek behin eta berriro eskatu bezala. Batasuna, ezker abertzaleak izandako azken alderdi politikoa, 2003an legez kanpo utzi Auzitegi Gorenak ETAren beso politikoa izateagatik.
Berria egunkariak argitaratu duenez, estatutu berrietan edozein indarkeria mota erabiltzea errefusatuko dute, ETArena barne. Larunbatean, Txelui Moreno bozeramaileak estatutu berriek "egungo legedia" beteko dutela ziurtatu zuen.
EAJ, Aralar, EA, EB eta Alternatiba Euskaldunako ekitaldian izango dira. PSE, PP eta Hamaikabat, aldiz, ez. Sindikatu eta agente sozial ezberdinen ordezkariak ere bertan izango dira.
Gobernuak, helegitea aurkeztu
Espainiako Gobernuak iragarri du dagoeneko Fiskaltzaren bidez alderdi berriaren sorrera inpugnatuko du. Horretarako, Auzitegi Gorena eta Konstituzionalaren aurreko legez kanporatzeak hartuko dute oinarri, baita Strasbourgeko Europako Auzitegiak Batasunaren legez kanporatzea berretsi zuen sententzia ere.
Asteartean, Europako Parlamentura
Ezker abertzalearen ordezkari batzuk Bruselara joango dira legalizazioaren aldeko babesak biltzeko hasi duten nazioarteko kanpainaren barruan. Horrekin batera, bakea ekarriko lukeen testuingurua bultzatu nahi dute.
Bisita horretan, Europako pertsona esanguratsuekin harremanetan jartzeko asmoa dute, baita Europako Parlamentuan prentsaurrekoa emateko ere. Helburua babes ugari lortzea da, bai legalizazioaren alde eta bai eszenatoki berri baten sorreraren alde.
Manifestazioa, otsailaren 19an
Hilaren 19an, larunbata, manifestazio bat egiteko asmoa du ezker abertzaleak, agente sozialek eta sektore ezberdinetako pertsona ezagunek deituta. Martxa horretan alderdi berriaren legalizazioaren alde egingo dute. Manifestazioa Bilbon izango da.