Politika -
BERDINTASUNA
Gizon eta emakumeen berdintasunaren alde lanean segitzeko deia egin du Urkulluk
Gizonduz programaren hamargarren urteurrenaren ekitaldian, lehendakariak 'Gizonok Esan eta Egin' izeneko kanpaina aurkeztu du hitzetatik ekintzetara igarotzeko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Iñigo Urkullu lehendakariak gizon eta emakumeen arteko berdintasuna lortzeko "pauso gehiago" ematea eskatu dio jendarteari, bereziki eremu publikoak ardurak dituztenei.
Atzo, asteartearekin, Berdintasunaren aldeko eta Emakumeenganako Indarkeriaren kontrako Euskal Gizonen Eskutitza sinatu zeneko hamargarren urteurrena ospatzeko Lehendakaritzan egin zen ekitaldian, sexuen arteko berdintasuna lortzeko gizonen parte-hartzea eta konpromisoa "funtsezkoak" direla azpimarratu zuen lehendakariak. Horren haritik, bi eremu aipatu zituen lehendakariak: erantzunkidetasuna etxeko lanetan eta pertsonen zaintzan; eta, bestetik, emakumeen aurkako indarkeriaren prebentzioa.
Bestalde, Gizonduz ekimenak izan duen ibilbidea errepasatzeko ere balio izan zuen ekitaldiak. Urte horietan guztietan 10.000 gizon baino gehiago atxiki zaizkio Berdintasunaren aldeko eta Emakumeenganako indarkeriaren kontrako Euskal Gizonen Eskutitzari eta 7.000 gizon baino gehiagok jaso dute prestakuntza berdintasunean, ekimenak eskainitako ikastaroetan.
Ekitaldian, gainera, "Gizonok Esan eta Egin" kanpaina aurkeztu zen. Kanpaina horren bitartez Jaurlaritzak jarraitasuna eman nahi dio orain arte egindako lanari, eta euskal gizonei eskatzen zaie ekintza zehatz batzuk berenganatzeko, eremu desberdinetan berdintasunarekin hartua duten konpromisoa areagotzearren.