Politika -
Alderdi berriaren aurkezpena
Euforia giroa eta aretoa lepo Euskalduna Jauregian
Ekitaldia oso xumea izan da, eta alderdi abertzaleen ordezkaritza zabala izan da bertan.
Erredakzioa
Bilboko Euskalduna Jauregia lepo egon da gaur goizean ezker abertzalearen alderdi berriaren aurkezpenean.
Kazetari ugari egon dira, ikusmin handiaren erakusle, eta alderdi abertzaleen zein eragile sozialen ordezkaritza zabala ere bai.
Ekitaldia oso xumea izan da, Rufi Etxeberriak eta Iñigo Iruinek baino ez dute hitz egin. Haien atzean, Lokarriren irudia. Hori bai, giroa euforikoa izan da oso hara bertaratu direnen artean. Irribarre asko, baikortasun asko.
Euskalduna Jauregiaren aretoak 282 pertsonarentzako lekua dauka, eta gainez egon da. Hedabideentzat prestatuta zegoen lekuan ere gonbidatu asko sartu dira, aretoan ez baitziren denak sartzen.
Ezker abertzalearentzat egun inportantea zen, eta horren erakusle ekitaldian izan diren kideen zenbakia.
Besteak beste, honakoak egon dira: Batasuna berriz osatzen saiatzea auzipetuta daudenak, Rafa Diez, Joseba Permach, Joseba Alvarez, Pernando Barrena eta Juan Jose Petrikorena kasu; hainbat ''beterano'', Tasio Erkizia, Txomin Ziluaga, Adolfo Araiz eta Eugenio Etxebeste Antxon ETAko buruzagi ohia; eta azken urteetan ezker abertzalearen aurpegi izan direnak, Txelui Moreno, Marian Beitialarrangoitia, Amparo Lasheras eta Marine Pueyo.
Ezker abertzalearen abokatuak ere izan dira, tartean Jone Goirizelaia, Arantxa Zulueta eta Iñaki Goyoaga. Azken biak duela gutxi utzi dituzte behin-behinean aske.
EAJren aldetik Iñigo Iturrate legebiltzarkidea eta Aitor Esteban diputatua izan dira; Aralarretik Jon Abril koordinatzaileordea; EAtik Pello Urizar idazkari nagusia eta Maiorga Ramirez Nafarroako burua; EBtik Mikel Arana koordinatzaile nagusia eta Julia Madrazo eta Jon Sustatxa Bilboko zinegotziak; eta Alternatibatik Oskar Matute bozeramailea.
Garbiñe Biurrun EAEko Auzitegi Nagusiko Lan Arloko presidentea ere bertan izan da.
Eragile sozialei dagokienez, Amaia Muñoa ELAko idazkari nagusiaren ondokoa, Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusia eta EHNE, HIRU eta EILAS sindikatuetako ordezkariak izan dira. CCOOko Jesus Uzkudun ere joan da, baina bere izenean.