Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Calparsorok uste du Sortu ez dela Batasunaren 'jarraipena'

EAEko Auzitegi Nagusiko fiskalburuak adierazi du alderdi berriko pertsonak Batasuneko berak diren arren, proiektu politikoa "ezberdina" dela.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juan Calparsoro EAEko Auzitegi Nagusiko fiskalburuak uste du Sortu ezker abertzalearen alderdi berria ez dela legez kanpoko alderdien "jarraipena".

Gaur goizean Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egindako elkarrizketa batean, Calparsorok adierazi du alderdi berriko kideak Batasuneko berak direla, baina "proiektu politikoa ezberdina da".

Izan ere, alderdi berriko estatutuek ETAren indarkeria errefusatuko dute, esplizituki.

"Giltzarri zen kontu bat aldatu da, indarkeria. Hau da, indarkeriaren babesa eta kolaborazioa. Orain errefusatu egiten dute esplizituki", esan du.

Bere ustez, Fiskaltzak alderdi berriaren aurka egingo du, Auzitegi Gorenak ezar dezan legezkoa edo legez kanpokoa den.

Gogorarazi duenez, Alderdien Legeak debekatu egiten ditu legez kanpoko alderdi baten jarraipena diren taldeak, baina ez du exijitzen "ETAren iragana gaitzestea".

Calparsorok gaineratu du ETA ez dela oraindik desagertu, su-etena baino ez duela iragarri, eta beraz, "Segurtasun Indarrek jazarri behar duten erakunde gaizkilea da".

Perez Royo: "Estatutuak exijitu daitekeena baino urrunago doaz"

Bere aldetik, Javier Perez Royo Konstituzio Zuzenbideko katedradunak esan du estatutuak "zehaztasun apartekoak" eta "juridikoki akats gabekoak" direla.

"Exijitu daitekeena baino urrunago doaz. Legea betetzeko ezker abertzaleak egindako ahalegina zentzuz eska daitekeena baino handiagoa izan da", azpimarratu du.

Hori horrela, alderdi berriaren sustatzaileek "eskubide guztiak" gauza ditzaketela esan du. "Ezin da esan ''ni ez naiz fidatzen''", ohartarazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea