Politika -
Alderdi berriaren aurkezpena
Aresek aitortu du 'oso positiboa' dela indarkeria errefusatu izana
Pagazaurtunduak bere anaiaren hilketaren zortzigarren urteurreneko omenaldian esan duenez, ezker abertzalearen "aurrerapausoak amarrua" du eta bere "ahultasun handiari" erantzuten dio.
Erredakzioa
Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak esan du ezker abertzaleari "asko" eskatu behar zaiola legezkoa izan nahi badu, baina aitortu du "abertzale erradikalen munduak inoiz esan ez dituen gauzak" esan dituela eta "indarkeria errefusatu" izana "oso positiboa" dela.
ETAk Joseba Pagazaurtundua Udaltzaingoaren buru ohia hil zuela zortzi urte bete direlako Andoainen egin duten omenaldian Aresek azaldu duenez, "denok eskatu behar diogu asko, ETA ez baita desagertu, baina atzo entzun genituen adierazpenak abertzale erradikalek inoiz ez dituztela egin aitortu behar dugu".
Haren esanetan, "positiboa da betiko indarkeria errefusatu izana, eta legezko indar politiko bilakatu nahi dutela esatea oso positiboa da".
Dena dela, Aresek argi esan du "errespetua" zor zaiela "azken hitza izango duten auzitegiei. Ez zaie presiorik egin behar hartu behar duten erabakiaren inguruan".
Pagazaurtunduarentzat "amarrua" da
Maite Pagazaurtundua Terrorismoaren Biktimen Fundazioko presidente eta Andoainen ETAk hil zuen udaltzainburuaren arrebak uste du ezker abertzalearen "aurrerapausoak amarrua" duela eta legez kanpo utzi zutenetik bizi duen "ahultasun handiari" erantzuten diola.
Maite Pagazaurtunduarentzat ezker abertzalearen ordezkariak "estrategia eta taktika adituak dira" eta badakite "oso ahul daudela eta ez dutela udaletara iristeko modurik eboluzionatzen ez duten bitartean".
Gainera, anaia hil zutenean Andoainen "Batasunako alkatea" zegoela gogorarazi du eta ez zuela atentatua "gaitzetsi eta ondoren ETAkoa izateagatik atxilotu zuten. Alkateorde bat ere bazegoen, ingelera ikastera joan zela zioten, baina ETAko liberatu bat zen".