Politika -

Alderdi berriaren aurkezpena

Ezker abertzaleak Europako Parlamentura jo du babes bila

Niko Moreno Elorrioko alkateak Sortu legezkoa izateko beharra azpimarratu du Bruselan eta hainbat europarlamentari izan ditu alboan.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Niko Moreno ezker abertzalearen ordezkari eta Elorrioko alkateak Sortu alderdi politiko berria legezkoa izateko beharra azpimarratu du eta hori lortzeko bidean, Europako Parlamentura jo du Europar Batasuneko erakundeen babesaren bila.

Fraçoise Alfonsi Korsikako eurodiputatu eta Bairbre de Brun Sinn Feineko eurodiputatu eta Euskal Herriaren Lagunak Taldeko kideekin batera emandako prentsaurreko batean Morenok azaldu duenez, "ahalik eta babes gehien" lortzeko helburuarekin joan da Bruselara, izan ere, "atzera bueltarik ez duen prozesua" da "gatazkaren irtenbidea lortzeko".

Morenoren arabera, hori "oso argi" geratu da eta erabaki "irmoa" da, ez hauteskundeei begirako erabakia.

Elorrioko alkateak uste du ezker abertzalea "nahikoa argia eta sendoa" izan zela indarkeria errefusatu zuenean eta horrek "errekonozimendua" merezi duela. Hori dela eta, "konfiantza eta elkarrizketarako jarrerak berreskuratzea" eskatu du.

De Brunek gogorarazi du Europar Batasunak "laguntza handia" eman zuela Ipar Irlandako gatazka konpontzeko, nahiz eta aitortu laguntzak ez duela zertan berdina izan, "EBk joka dezakeen papera oso garrantzitsua" izan daitekeela azpimarratu du. "Euskal Herrian bakea izateak Europako erdigunean bakea izatea esan nahi du eta horrela ulertu behar da arazoa", gaineratu du.

Eurodiputatuak "legezkoa izateko eta hauteskundeetan parte hartu ahal izateko eskubidea" aldarrikatu du eta Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteari "oztopo gehiagorik" ez jartzeko eskatu dio.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea