Politika -

BATERAGUNE AUZIA

Estrasburgok azaroaren 6an emango du Bateragune auziari buruzko epaia

Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Arkaitz Rodriguez, Miren Zabaleta eta Sonia Jacinto zigortu zituen epaimahaia inpartziala izan ote zen eta epaiketa justua izan ote zuten argitu beharko du.

Bateragune auziko epaiketa. Artxiboko argazkia: EFE
Bateragune auziko epaiketa
Bateragune auziko epaiketa. Artxiboko argazkia: EFE

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako Giza Eskubideen Auzitegiak azaroaren 6an, asteartean, emango du Bateragune auziari buruzko bere epaia, Gara egunkariak aurreratu duenez.

Bost kondenatuek (Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Arkaitz Rodriguez, Miren Zabaleta eta Sonia Jacinto) Auzitegi Nazionalean epaiketa justua izan ote zuten eta epaimahaia inpartziala izan ote zen ebatzi beharko du Estrasburgok. Guztiak ere aske dira, zigorra beteta.

Auzitegi Nazionalak 10 urteko kartzela zigorra ezarri zien Otegiri eta Diezi 2011. urtean, ETAko kideak izatea eta Batasuna berriz osatzen saiatzea egotzita. Epaimahaiaren iritziz, "beso politiko" gisa jardungo zuen organo bat eraikitzeko agindua eman zien ETAk biei. Halaber, Auzitegi Nazionaleko 4. Zigor Aretokoak 8 urteko zigorra jarri zien Miren Zabaleta, Arkaitz Rodriguez eta Sonia Jacintori. Bestalde, Txelui Moreno, Amaia Esnal eta Mañel Serra absolbitu egin zituen, Fiskaltzak epaiketan horien kontrako akusazioak erretiratu ostean.

Zigorraren ondoren, Auzitegi Gorenean eta Auzitegi Konstituzionalean helegiteak aurkeztu zituzten. Estatu espainiarreko auzibidea agortutakoan, Estrasburgora jo zuten eta 2015ean helegitea tramitera onartu zuen Europako Giza Eskubideen Auzitegiak.

Guztiak espetxetik irten badira ere, Auzitegi Nazionalak erakunde publikoetan lan egiteko eta hautatuak izateko gaitasun gabetu zituen. Otegiren kasuan, 2016ko Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetara aurkeztea eragotzi zion. Orain ikusteke dago Estrasburgoren erabakiak inhabilitazio horri eragiten dion.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Arnaldo Otegi albisteak Auzitegi Nazionala berriak Politika albisteak Batasun europarra Europa bideoak Presoak albisteak Epaiketak albisteak Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Letraduen albisteak Giza Eskubideen Europako Auzitegia gaur