Politika -

Euskalduna Jauregian

Independentistak eta Euskadiko PPren 'koldarkeria' kritikatu ditu Voxek Bilbon

Alderdi ultraeskuindarraren presidente Santiago Abascalen iritziz, "kolpe separatistak etxez aldatu da, Generalitatetik Moncloara", Euskadiko PPri "lengoai nazionalista bere egitea" leporatu dio.

Voxen ekitaldia Bilbon / EFE.
Voxen ekitaldia Bilbon / EFE.
Voxen ekitaldia Bilbon / EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alderdi politiko guztien kontra egin du Voxeko presidente Santiago Abascalek Bilboko Euskalduna Jauregian emandako mitinean. 300 bat jarraitzaileren aurrean egindako ekitaldian, bereziki Kataluniako independentistak eta Espainiako Gobernua, alde batetik, eta Euskadiko PP, bestetik, izan ditu jomugan.

Abascalek esan duenez, "kolpe separatistak etxez aldatu da, Generalitatetik Moncloara", eta ohartarazi du ez dutela "isiltasunez" onartuko "nazioaren zati bat lapurtu" nahi duten "politikari ustelak" indultatzea "kalera irten gabe". "Ez dugu onartuko", nabarmendu du.

Euskadiko PPri "urteetan haien kontra erabilitako lengoai nazionalista bere egitea" leporatu dio, Voxen jarraitzaileen aurka egiteko, "gu ere euskaldunak garela" ukatuta. Euskal popularren presidente Alfonso Alonso "miserablea eta koldarra" dela esan du, "beti EAJ babesten" egoteagatik.

EAEko hizkuntza-politika ere aipatu du. Esan duenez, "Eusko Jaurlaritzak Goierri transplantatu du Bilbon". Voxeko presidentearen arabera, oraindik ere "beldurra" dago Euskal Herrian.

Euskalduna Jauregiko ekitaldian eskuin muturreko alderdiaren idazkari nagusi den Javier Ortegak ere parte hartu du. Espainiako banderen artean, Espainiaren eta Guardia Zibilaren aldeko oihuek moztuta, Abascalek "faxistak, fatxak eta arriskua" direla esaten dutenen salaketak errefusatu ditu, eta haiek "espainiar abertzaleak" baino ez direla esan du.

Bestalde, autonomien estatua kritikatu du, "espainiarren berdintasunarekin bukatu duelako". Laguntza sozialek migratzaileentzako "dei efektua" egiten dutela salatu du. "Zuzentasun politikoaren diktaduraren aurrean, geratzeko etorri gara", esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Bilbo Euskalduna Jauregia Vox Santiago Abascal albisteak