Politika -
Ezker abertzalea
Zapaterok dio Sorturen inguruko eztabaida 'objektiboa' izan behar dela
Ildo horretan, Auzitegi Gorenak hartzen duen erabakia "errespetatu" behar dela esan du.
Erredakzioa
Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidentearen hitzetan, ezker abertzaleak emandako pausua garrantzitsua den ala ez denborak argituko du; eta alderdia atzera botatzen badute Auzitegi Gorenak hartzen duen erabakia errespetatu behar dela gaineratu du.
Jose Manuel Durao Barroso Europar Batzordeko presidentearekin Moncloan bildu ostean egin ditu adierazpenok prentsaurrekoan Zapaterok.
Zapateroren hitzetan, denbora pasatu ahala argituko da ezker abertzaleak alderdi politiko berria aurkezteko ekimena garrantzitsua izan ote den ala ez.
Eta batez ere, justiziak hartu beharreko erabaki bat izatean, Auzitegi Gorenaren erabakia erabat errespetatu behar dela esan du Espainiako Gobernuko presidenteak.
Bestalde, eztabaida horren harira, Zuzenbidezko Estatuaren barne "ahalik eta objektiboena" izan behar dela esan du Zapaterok, eta Auzitegi Gorenak independentziaz jarduteko deia egin du.