Politika -
Alderdien erregistroa
Sorturen izen-ematea gelditu du Barne Ministerioak
"Legez kanpo dagoen Batasuna da argi eta garbi, eta ondorioz, jarraipen bat dago", ziurtatu du Alfredo Perez Rubalcaba presidenteordeak.
Erredakzioa
Alderdi politikoen erregistroan Sorturen izen-ematea gelditu du Barne Ministerioak, Alfredo Perez Rubalcaba Gobernuko presidenteordeak aurreratu duenez. "Legez kanpo dagoen Batasunaren jarraipena delako, argi eta garbi", Rubalcabaren ahotan.
"Legez kanpo dagoen Batasuna da argi eta garbi, eta ondorioz, jarraipen bat dago. Legezko izateko izen eta estatutu berri batzuekin alderdien erregistrora datorren legez kanpoko alderdi bat da", ziurtatu du Rubalcabak prentsaurrekoan, Ministroen Kontseiluaren ostean.
Ondorioz, Barne Ministerioak Sorturen izen-ematea gelditu du eta segurtasun indarrek bildutako informazio "zehatz" guztia Estatuko Abokatutza Nagusiari eta Fiskaltzari igorriko die, Batasunak "estatutu berriak aurkeztu" dituela demostratuz.
Poliziaren txostenak igortzeko 20 eguneko epea du Barne Ministerioak, baina ez du epe hori agortuko, Sorturen aurkezpenak ez dituelako "ustekabean" harrapatu eta segurtasun indarrek "lana bukatuta dute".
"Ez dira ezkutatu"
"Batasunaren ekintza bat da, ondo diot, Batasuna, ez direlako ezkutatu", adierazi du presidenteordeak. Sortu ez da "zerutik eroritako" alderdi bat, Rubalcabaren hitzetan.
Hala ere, Sorturen legezkotasunari buruz Auzitegi Gorenak erabaki beharko duela gogorarazi du Rubalcabak, Batasuna legez kanpo utzi zuen auzitegi berdinak. Estatuko Abokatutzaren eta Fiskaltzaren txostenak aztertu beharko ditu Gorenak.
Sorturen estatutuek indarkeria terroristaren eta ETAren inguruan egiten dituzten gogoetak "berriak" dira, baina "Batasunak sinesgarritasun gutxi du herritarren artean eta baita Barne ministroaren iritzian ere".