Politika -

Ekitaldi politikoa Araban

EAJ: 'PPk eta PSOEk ez dute ezker abertzalearen harrapakina utzi nahi'

Iñigo Urkullu EAJren presidentearen esanetan, PP eta PSOE ez dira ezker abertzalea legeztatzera ausartzen; hauteskundeei begira, legez kanpo mantentzeak "onurak" ekarriko baitizkietelako.

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu EAJren presidentearen ustez, PP eta PSOE ez dira ezker abertzalea legeztatzera ausartzen. Bere aburuz, ezker abertzalea legez kanpo mantentzeak "etekinak" ekarriko dizkiete, maiatzeko hauteskundeei begira.

"Garai politiko berrian gaude eta Euskadin elkarbizitza politikoaren normalkuntzarako aukera handia dugu egun", azaldu du jeltzaleak. "Gizarteak honi eutsi beharko dio", gaineratu du.

Urkulluren hitzetan, "ezker abertzaleak 180 gradutako bira eman du". Hori dela eta, "gainontzeko alderdiek aspalditik eskatzen zutena egin du", azpimarratu du, "eta duela 34 urte egon behar zuten lekuan daude". "Demokraziarekin bat eginda eta jokatzeko araudi berdinak izanda, biztanleriaren aurrean aurkezteko unea heldu zaigu, berak aukeratu dezan", adierazi du.

Gasteizko alkatea izateko Gorka Urtaran EAJren hautagaiaren aurkezpen ekitaldian parte hartu du igande honetan Urkulluk.

Espioitza politikoaren harira

Iñaki Gerenabarrena Arabako EAJ presidentea ere bertan izan da eta ustezko espioitza politikoaren kasuak aipatu ditu. "Justizia ikertzen dagoenarekin EAJk ez du zerikusirik", argitu du Gerenabarrenak. Hori dela eta, "minutu bat ere" horri ez ematea eskatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea