Politika -

Nazioarteko taldea

Brian Currinen taldea: Casale, Spektorowski, O'Loan, Kendall eta Hazan

Denak adituak dira hainbat gatazkatan, hala nola Irlandakoan, Palestinakoan eta Balkanetakoan, eta Euskadin normalizazio politikoa eta bakea sustatzea izango dute helburu.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Brian Currin abokatu hegoafrikarrak ezagutzera eman du gaur nortzuek osatuko duten Nazioarteko Harreman Taldea, hau da, Euskadin bakea eta normalizazio politikoa sustatzea helburu izango duen bitartekarien taldea.

Hain zuzen ere, hauek izango dira taldeko kideak: Silvia Casale, Alberto Spektorowski, Nuala O''Loan, Raymond Kendall eta Pierre Hazan. Esperientziadun bitartekariak dira, eta, besteak beste, Irlandako, Palestinako eta Balkanetako gatazk konpontzeko lan egin dute.

Silvia Casale eta Alberto Spektorowski ez beste kideak Bilboko hotel batean batzartu dira gaur.

Bihar, taldeak azalpenak emango ditu eta lehen proposamenak mahaigaineratuko ditu.

ETAk "su-eten orokorra, iraunkorra eta egiaztagarria" iragarri eta ezker abertzaleak erakunde terroristaren indarkeria errefusatu eta gero hasi dira lanean.

SOSLAIAK

Silvia Casale kriminologoa da, eta 1998tik Epaiak Berrikusteko Batzordeko kidea Ipar Irlandan. 1997tik Tortura Prebenitzeko Batzorde Europarreko kide da, eta 2000 eta 2007 urteen artean erakunde horretako presidente izan zen.

2007 eta 2009 artean, Tortura Prebenitzeko NBEren azpibatzordeko presidente izan zen, eta iaztik Europako Batzordeko aholkulari da tratu iraingarriak eta umiliagarriak saihesteko mekanismoak abiatzeko.

Nuala O''Loan Polizia Kontuetako Herritarren Defendatzailea (Police Ombudsman) izan zen Ipar Irlandan, 1999 eta 2007 artean.

Egun Lord-en Ganberako kide eta Ulsterreko Unibertsitateko Jean Monnet katedraduna da.

Alberto Spektorowski Politika Zientzietako irakasle da Tel Aviveko Unibertsitatean. Columbiako (New York), Wisconsineko (Madison), Herztliako (Israel) eta Jerusalemeko (Israel) unibertsitateetan ere maisu izan da.

Halaber, Israelgo Gobernuko Kanpo Harreman eta Defentsa Publiko ministro izan da, eta Camp Davideko negoziazioetan parte hartu zuen, 2000 urteko uztailean.

"Israel-Palestine Civil Society Comittee for Cease Fire" batzordeko kide da.

Pierre Hazan unibertsitate irakaslea da. Genevako eta Pariseko Sciences-Po Unibertsitateetan Trantsizio Justizia klaseak ematen ditu. Nazioarteko Delituzko Justiziari eta Egiaren Batzordeei buruzko liburuak idatzi ditu.

Hazanek idatzitako "Judging War, Judging History, Behind Peace and Reconciliation" (Gerra epaitzen, historia epaitzen, baketik haratago eta adiskidetzea) izenburuko lanak George Dreifuss golardoa jaso zuen.

Nazio Batuen Giza Eskubideen Agentziarekin elkarlanean aritu da. Gainera, USIP AEBetako Bake Institutuan ikertzaile ardurak bete zituen. Nazioarteko krisi anitzetan kazetari bezala izan da, Balkanetako gerran eta Afrikako Aintzira Handien krisian, bestak beste.

Raymond Kendall Interpoleko idazkari nagusia izan zen 1985 eta 2000 urte bitartean. Erretiroa hartu ostean, erakunde horren ohorezko idazkari nagusi izendatu zuten.

Bere ibilbide profesionalean, segurtasun esparrua jorratu du bereziki. Hainbat domina eman dizkiote, tartean Ohorezko Legioarena.

Orain hainbat gobernuz kanpoko erakunderekin ari da elkarlanean.

Alabaina, segurtasun arloan aholkularitza zerbitzua eskaintzen du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea