Politika -

Polemika

Erkoreka: 'Errioxarrek erabaki behar dute euskara Estatutuan jaso nahi duten'

Beste alde batetik, PSOEk Espainiako hizkuntza koofizialei eman nahi dien trataera salatu du Pablo Casado PPko presidenteak.

Errioxa
Errioxa
Laminiturri Elkartea, euskararen aztarnaren atzetik Errioxan

1:17

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskara Errioxako kultura-ondarearen parte izateko PSOEk egindako proposamenaren harira, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak nabarmendu du euskararen "presentzia historikoa" autonomia erkidego horretan "ukaezina" dela. Dena dela, bere esanetan, "errioxarrei bakarrik dagokie erabakitzea zer hartu behar duten ondare historikotzat eta hori dokumentu publikoetan jaso nahi duten ala ez".  Alabaina, inork ez duela euskara autonomia erkidego horretako hizkuntza koofiziala bihurtu nahi ziurtatu du.

Ildo horretatik, Eusko Jaurlaritza errioxarren sentimenduak errespetatzen dituela azaldu du, eta haien kultura-ondarearen inguruan erabakiak hartzeko eskubidea soilik haiei dagokiela esan du, izan ere, "errioxarrek esan behar dute zeintzuk diren haien nortasuna osatzen duten elementuak". "Eusko Jaurlaritzatik errespetu osoa adierazi nahi diegu gai honen inguruan hartzen duten erabakiaren aurrean", esan du.

Erkorekaren iritziz, duela urte asko Errioxako parte batean euskaraz hitz egiten zela aitortu nahi du PSOEk aldaketa horrekin. "Euskaraz hitz egiten zuten, eta horren berri utzi zuten ikuspuntu historiko batetik garrantzi handia duten zenbait dokumentutan", esan du Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak.

"Errioxako Estatutuan euskara autonomia erkidego horretako kultura-ondarearen parte izan den jasotzeko aldaketa edota gai horren inguruan errioxarrek hartzen dituzten beste erabaki guztiak errespetatuko ditu Eusko Jaurlaritzak", esanez amaitu du agerraldia Erkorekak.

Casadoren iritziz "astakeria" da Errioxan euskaraz hitz egitea

Beste alde batetik, PSOEk Espainiako hizkuntza koofizialei eman nahi dien trataera salatu du Pablo Casado PPko presidenteak, izan ere, "haurrak segmentatzeko" erabili izan direla ziurtatu du. Gainera, astakeriatzat hartu du Errioxan euskara gaztelaniarekin alderatzeko asmoa.

"Zer izango da hurrengoa? Almerian valentzieraz hitz egitera behartzea geografikoki hurbil dagoelako? Berdina izango litzateke, astakeria galanta", esan du.

Ildo horretatik, Casado "oso kezkatuta" agertu da Pedro Sanchezen gobernuak hezkuntzan egin nahi duen aldaketaren aurrean. Hala, PPk bere garaian egindako aldaketarekin alderatuta PSOErena umeentzat "oso txarra" izango dela ziurtatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskara Politika Eusko Jaurlaritza albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa Alderdi politikoak bideoak Albisteak Gaur Albisteak Errioxa gaur