Politika -
Lehen urratsa
Kongresuak EAEko lurraldeen izen ofizialak euskaraz izatea onartuko du
Behe Ganberak EAJren proposamena izapidetzea onartu du, eta prozesu osoa amaitutakoan, izen ofizialak Araba-Alava, Bizkaia eta Gipuzkoa izango dira.
Erredakzioa
Diputatuen Kongresuak lehen urratsa egin du gaur EAEko hiru lurraldeen izen ofizialak euskaraz izan daitezen, hots, Araba-Alava, Gipuzkoa eta Bizkaia.
Hain zuzen ere, EAJk urrian erroldatutako lege-proposamena izapidetzea onartu du gaur Ganberak.
Diputatuen Kongresuan hitza hartu duenean, Aitor Esteban EAJko diputatua zoriondu egin da, "oraingoan bai", jeltzaleek ekimen berdina aurkeztu duten seigarren aldian, "proposamena aurrera aterako delako". "Kongresuko bi alderdi nagusien ezetza aurkitu genuen 1991n, 92an, 96an, 2004an eta 2006an", gogorarazi du Estebanek.
"Naturaltasunez" ekimena "onartzea" eskatu du jeltzaleak, Hauteskunde Batzordeak diputatu egiaztagiriak banandu zituenean izan zuen naturaltasuna. Nire aurreko pasaportean Bizkaia idatzi zuten ere", argudiatu du Estabanek.
PSOEk babestu egin du izen aldaketa, iazko amaieran sozialistek eta jeltzaleek sinatutako akordioen baitan, Estatuko Aurrekontuak onartzea ez ezik, beste hainbat gaitan ere lankidetza izatea ere adostu baitzuten.
Girona, Lleida eta Illes Balears
Lege-proposamenaren zioen azalpenean, EAJk argudiatu du Gorte Nagusiek onartu egin zutela Girona, Lleida eta Illes Balears katalunieraz izendatzea (aldez aurretik Gerona, Lerida eta Islas Baleares ziren izen ofizialak).
Hori horrela, EAEko lurraldeekin berdin egitea eskatu dute jeltzaleek, lurralde horietako Aldundiek 1986an (Bizkaia), 1985ean (Gipuzkoa) eta 1989an (Araba) egin zuten eta.
PP eta UPyD
EAJren proposamena arbuiatu dute PPk eta UPyDk. "Eleaniztasuna eta hizkuntzen arteko elkarbizitza normalak dira, baina bi hizkuntzetako bat desagertzea ez da normala", adierazi du Alfonso Alonso PPko diputatuak.