Politika -
Sortu
Gobernuak 'hauteskunde interesak' dituela kritikatu du Txelui Morenok
Ezker abertzaleko buruzagiak berretsi du Sortu ez dela Batasunaren "jarraipena" eta hauteskundeetan parte hartuko dutela.
Erredakzioa
Txelui Moreno ezker abetzaleko bozeramaileak uste du Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko presidenteorde eta Barne ministroa ez dagoela "prest" Sortu legeztatzeko, "hauteskunde interesak" direla eta.
Catalunya Radio irrati-katean egindako elkarrizketa batean, Morenok "urratsak egiteko" eskatu dio Jose Luis Rodriguez Zapateroren Exekutiboari, Sortu legeztatzea helburu.
Bere esanetan, alderdi berria ez da Batasunaren "jarraipena", eta ezker abertzaleak parte hartuko du maiatzaren 22ko hauteskundeetan.
Buruzagi abertzaleak sozialisten artean dauden jarrera kontraesankorrak aipatu ditu. Izan ere, PSEko kide batzuk ezker abertzalearekin "zubiak sortzearen alde" dauden bitartean, Gobernu zentralaren jokaera ezberdina da.
Barne Ministerioak Sorturen estatutuak Fiskaltzara igorri dituela eta, Morenok berretsi du alderdi berriak errefusatu egiten duela indarkeria, eta baldintza legal guztiak betetzen dituela hauteskundeetan parte hartu ahal izateko.