Politika -
Biktimak
Legebiltzarrak 'biktima politikoen' laguntzak arautzea eskatu du
Legebiltzarreko ia talde guztiek babesa eman diote ekimenari, PPk eta UPyDk izan ezik. Laguntzak jasoko dituztenen artean egongo dira "gehiegikeriaz jardun duten Estatuko agenteen" biktimak.
Erredakzioa
Eusko Legebiltzarrak urtebeteko epea eman dio Jaurlaritzari ''biktima politikoei'' zuzendutako laguntzak arautzeko, eta horretarako ez legezko proposamen bat erregistratu dute gaur. Biktima horien artean sartzen dira "Estatuko agenteek" kaltetutakoak. Ekimenak EAJren, PSE-EEren, Aralarren, EAren eta EBren babesa jaso du.
Ez legezko proposamen hori Legebiltzarrak eztabaidatuko du hiru aste barru eta onartu egingo dela ziurtatuta dago PP eta UPyD baitira kontra agertuko diren bakarrak.
Legebiltzarrak 2009ko abenduaren 22an onartu zuen ebazpen baten harira iritsi da ekimena. Orduan, "Indarkeria politikoaren ondoriozko giza eskubideen urraketei" buruzko txostenarekin aurrera jarraitzeko eskatu zioten Jaurlaritzari.
Egungo Jaurlaritzaren txostena 2010eko abenduan aurkeztu zuten Legebiltzarrean. 1980ko hamarkadaren erdialdea arte "Estatuko agenteek" egindako giza eskubideen urraketak jaso zituzten bertan.
Dokumentu horretan "indarkeria politikoaren biktimak" nortzuk diren zehaztu zuten. Hori horrela, "botere gehiegikeria argiarekin jardun duten Estatuko agenteen" biktimak edo agente horien "babesarekin jardun duten elkarte edo talde parapolizialen" biktimak dira diru-laguntzak jasoko dituztenak.
Gaur erregistratutako proposamenarekin Jaurlaritzari biktimei zuzendutako "erakunde" bat "berehala sortzea" eskatu diote. Beste puntu batean, biktima horien "errekonozimendua lortzeko" neurriak eta ekintzak abian jartzea eskatu dute.
Bestalde, "beharrezko diru partida bat" zehaztea eta diru-laguntzak jaso ahal izateko irizpideak zerrendatuko dituen dekretuak onartzea proposatzen diote Jaurlaritzari. Era berean, araudia onartzeko urtebeteko epea ezarri dute.
"Errekonozimendua"
Iñigo Iturrate EAJren legebiltzarkideak azpimarratu du ekimena "pauso garrantzitsua dela" biktimen "errekonozimendurako eta konponketarako".
PSEren aldetik, Jesus Lozak atsekabea agertu du ekimena ez dutelako "aho batez" adostu eta argi adierazi nahi izan du ez dituztela "inola ere" biktima ezberdinak parekatu.
Leopoldo Barreda legebiltzarkide popularrak, aldiz, horixe salatu du, "paralelismoak eta parekatzeak" egiten direla horrekin.
Aintzane Ezenarro Aralarren bozeramaileak uste du ekimena betetzea dela erakundeen "eginbeharra".
EAko Juanjo Agirrezabalak errefusatu egin du biktimen artean "hierarkiak" egitea, denak "berdinak" direlakoan. Mikel Aranak "Euskadi adiskidetu baterako lehenengo pauso" gisa hartu du ekimena.