Politika -

Transferentziak

Espetxe transferentzia negoziatzen ari direla dio Espainiako Gobernuak

Hala, Grande-Marlaska ministroak aurrekoan esandako adierazpenak zuzendu ditu Isabel Celaa Espainiako Gobernuko bozeramaileak, eta bi aldeak “normaltasunez” bildu direla gaineratu du.

Isabel Celaa Espainiako Gobernuko bozeramailea. Argazkia: EFE
Isabel Celaa Espainiako Gobernuko bozeramailea. Argazkia: EFE
Espainiako Gobernuak dio kartzelen eskuduntza gobernuaren agendan dagoela

1:23

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espetxeen eskumena oraindik transferitu gabe dagoela gogora ekarri dio behin baino gehiagotan Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari, baina Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak gai hori “orain ez dagoela agendan” esan zuen ostegunean. Dena dela, Barne ministroak egindako adierazpen horiek zuzendu ditu ostiral honetan Isabel Celaa Espainiako Gobernuko bozeramaileak. Bere esanetan, kartzelen eskuduntza Sanchezen gobernuaren agendan egon badago, eta horren inguruan negoziatzen jarraitzen dute. Halaber, Meritxell Batet Lurralde Politikorako ministroak bilera guztiak “normaltasunez” egin dituela gaineratu du.

Ministro Kontseiluaren bileraren ostean egindako agerraldian, espetxeen eskumenaren inguruan bi aldeek akordioa itxi duten ez dakiela ziurtatu du Celaak. “Ez dakit akordiorik lortu duten, bi aldeak normaltasunez biltzen dira”, esan du bozeramaileak. “Hainbat gairen inguruan hitz egin dute. Eskumen horren gainean ere lanean ari dira”, azpimarratu du Celaak.

“Eskumen batzuk epe jakin batean transferitzeko egutegi bat du Jaurlaritzak, baina elkarrekin adostu behar ditugu datak. Transferentzien inguruan hitz egiterakoan adostasuna lortu behar da. Ez dakit akordiorik lortu duten”, esan du Celaak.

Fernando Grande-Marlaska ministroak Erkidegoan dauden kartzelen antolamenduaren inguruko eskumena Euskadik bereganatzeko aukeraz hitz egin zuen atzo. “Zentzuzko” adostasun bat dagoen eskuduntzen transferentziak lantzearen alde agertu zen, “frustrazioak” saihesteko. Dena dela, espetxeen transferentzia gauzatzea “gaur egun” Espainiako Gobernuaren “agendan ez” dagoela ziurtatu zuen ministroak.

Iñigo Urkullu lehendakariak goizean erantzun dio. Bere esanetan, ministroaren adierazpen horiek ez datoz bat berak Pedro Sanchez Espainiako presidentearekin hitz egindakoarekin, ezta EAJk eta PSE-EEk lortutako gobernu akordioarekin ere.

AP-1 autobidearen Armiñon eta Burgos arteko zatia eta Alonsotegi-Barakaldo eta Bilbo-Basauri trenbide lineak transferitzeko aurreakordioa lortu berri dute Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak. Ituna astelehenean egingo dute ofizial, Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoak Bilbon egingo duen bileran.

Horri buruz "lehen pauso positiboa" dela esan du Urkulluk. Izan ere, zazpi urte dira Batzorde hori biltzen ez dela. "Espainiako Gobernuak beste jarrera bat erakutsi du transferentzien inguruan, eta akordio eta negoziazio hori eskertu behar zaio", azaldu du lehendakariak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Espainiako Gobernua bideoak Espainia argazkiak Alderdi politikoak berriak Albisteak Gaur Eguneko albisteak