Politika -

Balore Merkatuaren Batzordea

30.000 euroko isuna Borrelli, Abengoak porrot egin baino lehen akzioak saltzeagatik

Konpainiak hondoa jo baino lehen, 10.000 akzio saldu zituen ministroak, 'informazio pribilegiatua' baitzuen. Batzordearen arabera, 'arau-hauste oso larria' egin zuen Borrellek.

Borrell, artxiboko irudi batean. EFE
Josep Borrell. EFEren artxiboko irudia
Borrell, artxiboko irudi batean. EFE

Agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak (CNMV, gaztelaniaz) 30.000 euroko isuna jarri dio Josep Borrell Atzerri Gai, Europar Batasun eta Kooperazio ministroari, Abengoak hondoa jo baino lehen akzioak saltzeagatik. Izan ere, Batzorde Nazionalaren arabera, "jaulkitzaileari buruzko informazio pribilegiatua" zuen ministroak, eta horri esker jakin zuen saltzeko unea zela.

Isunaren nondik norakoak gaur argitaratu dituzte Estatuko Aldizkari Ofizialean. Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalaren arabera, Borrellek Balore Merkatuaren Legearen 282.6 artikulua urratu zuen, "arau-hauste oso larria" eginez.

Batzordearen hitzetan, 2015eko azaroaren 24an Abengoaren 10.000 akzio saldu zituen Borrellek, hirugarren baten izenean. 9.030 euro jaso zituen akzio horien truke. Ministroak "jaulkitzaileari buruzko informazio pribilegiatua" zuen, eta horregatik jakin zuen saltzeko une egokia zela, gaineratu du.

2016an ekin zion Batzordeak salmenta irregular hura ikertzeari.

Ministroak urrian aitortu zuen ikerketaren berri bazuela. Helegitea aurkeztekoa zela iragarri zuen hasieran, baina azkenean muzin egin dio aukera horri. "Arraroa izango litzateke partaide naizen gobernu baten kontra joatea", azaldu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Espainiako Gobernua Espainia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak