Politika -

'Boulevard', Radio Euskadi

Erkoreka: 'Lehentasunekin ados egon ez arren, ez diegu eskuduntzei muzin egingo'

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek egindako kritikei erantzunez, Erkorekak Radio Euskadin esan du Espainiako Gobernuarekin negoziatzeko prest daudela, lehentasunen ordenarekin bat ez datozen arren.

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea, Radio Euskadin. Argazkia: EiTB
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea, Radio Euskadin
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea, Radio Euskadin. Argazkia: EiTB

EiTB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak Radio Euskadiko 'Boulevard' saioan egin dioten elkarrizketan adierazi du dagoeneko prest dutela transferentzien eskualdatzeari buruzko egutegiaren zirriborroa. Meritxel Batet Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko ministroak hitzeman zuenez, urtea bukatu orduko aurkeztuko dute egutegia, gaur bertan Erkorekak esan duenaren arabera.

Jaurlaritzako bozeramaileak azaldu du urriaren 25ean Pedro Sanchez Espainiako presidenteari gutun bat igorri ziola, Gernikako Estatutua goitik behera betetzeko eskariarekin. Idatzi horretan, eta Espainiako Gobernuak egutegia prestatzeko zehaztutako epeak beteko ez zituen beldur, Iñigo Urkullu lehendakariak Jaurlaritzak berak egindako proposamena bidali zion Bateti, eta horixe aztertzen ari da gaur-gaurkoz Gobernu espainiarra.

Ildo horretan, Sanchezen Gobernuarekin lortutako akordioari garrantzia eman dio Erkorekak: "Oraingoz, Gobernuaren konpromisoak ez du aurrekaririk. Zapaterorekin lortu genuen bakarra izan zen Aurrekontuak babestearen truke eskuduntzen gaia mahai gainera ateratzea. Beraz, inoiz ez dugu horrelakorik bizi. Dena dela, ikusiko dugu negoziazioek zer ematen duten", nabarmendu du.

"Orain arte Espainiako Gobernuan agintean egon direnek ez dute gisa honetako konpromisorik hartu, alegia, inoiz ez dute eskuduntzak eskualdatzeko egutegia zehaztu", gaineratu du.

Gauzak horrela, Gobernuak lehenetsitako transferentziekin bat ez datozen arren, egutegiaren gaineko konpromisoa oso positiboa dela defendatu du. Halaber, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek Gizarte Segurantzaren eskuduntza alde batera uzteagatik egindako kritikei erantzun die: "Transferentzia horren lorpenean itsutuko bagina, gainerakoak blokeatuko genituzke", azpimarratu du. Nolanahi dela, argi dauka egunen batean Batetek aipatu transferentziaren eskualdatzea gauzatu beharko duela, "zailtasunak zailtasun".

Espetxe politikarekin lotutako eskuduntzari dagokionez, Erkorekak baieztatu du Espainiako Gobernuak kontrakoa esaten badu ere, ez dagoela transferentzia horren atzeratzea justifikatzen duen arrazoirik.

Bukatzeko, onartu du Gobernu espainiarrean aldaketak baleude, "akordioa eten litekeela". Nolabait esateko, "hurrengo Gobernua PSOEren esku balego, indarrean segituko luke hitzarmenak, baina hala ez balitz, korapilatsuagoa izango litzateke eskuduntzen kontua".

Horren harira, gogor kritikatu ditu Alfonso Alonso PPko buruzagiaren adierazpenak: "Urriaren 25ean Estatutuaren Eguna ospatzetik, Estatutua bera boikotatzera pasatu da Alonso". Bestalde, Ciudadanosen eta VOXen jarrera salatu du, Zuzenbidezko Estatua babesten dutenek Gernikako Estatutuaren aferan legea urratu nahi dutela iritzita.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza Espainiako Gobernua Eguneko albisteak Albisteak