Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Sortuk 'arreta guztia erakartzea' kritikatu du Ortuzarrek
Ezker abertzalearen legeztatzearen gaia "garrantzitsua" dela esan du BBBko presidenteak "Boulevard" irratsaioan, baina alderdi berriak "arreta guztia erakartzea" kritikatu du.
Erredakzioa
Ezker abertzalearen legeztatzearen gaia "garrantzitsua" dela esan du Bizkaiko EAJko presidenteak. Baina herritarrek bestelako arazoak dituztenean, alderdi berriak "arreta guztia erakartzea" kritikatu du. "Indar politikoek Euskadiren normalizazio politikoan lagundu behar dugu", adierazi du Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketan, baina "neurriz", zehaztu du.
Ezker abertzale legez kanpo utziz gero, maiatzeko hauteskundeetara aurkezteko dituen aukeren inguruan ere iritzia eman du Ortuzarrek. "Bi baino ez ditu: beste alderdi baten zerrendak babestu edo zerrenda independenteak bultzatu".
Sortu legeztatua izan behar duela "nahi eta uste" du EAJk, esan du EAJko buruak. Ortuzarrek ohartarazi duenez, ETAk sustatuko alderdia dela zabaltzeak "eragin zitala" du, "Euskadiren etorkizuna ETAren esku" uzten dela esan nahi duelako. "ETAk ez dakit zer esan arte gainerakook zain egon behar ahal dugu?", itaundu du.
Gai horretan "soldatarekin batera doakion lidergoa erakustea" eskatu dio Ortuzarrek Paxi Lopez lehendakariari. Hala ere, PSE-EEk bakea eta normalizazioa lortzeko duen "gogoa eta interesa" zalantzan jartzen ez duela argitu du.