Politika -
EH Bildu
'Erabakitzeko eskubidean' oinarritutako 'aliantza antifaxista' proposatu du Otegik
Modu horretan, Espainiako alderdi eskuindarrak, geroz eta indar handiagoarekin, bultzatzen ari diren "aldaketaren kontrako prozesuari" erantzun nahi dio Otegik.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik "erabakitzeko eskubidean" oinarritutako "faxismoaren aurkako aliantza handi bat" osatzea proposatu du gaur. Modu horretan, Espainiako alderdi eskuindarrak, geroz eta indar handiagoarekin, bultzatzen ari diren "aldaketaren kontrako prozesuari" erantzun nahi dio Otegik.
EH Bilduko hainbat ordezkari aldamenean zituela, prentsaurrekoa eman du astelehen honetan, abenduaren 6rako Bilbon deitutako manifestazioa aurkezteko.
Koalizio abertzalearen buruzagia Voxek Andaluziako hauteskundeetan lortutako emaitzari buruz mintzatu da. Horren harira, Otegik esan du alderdi horretan jarri dutela gaur guztiek arreta, "gainerako eskuineko alderdiak zentrorantz lerratuta egongo balira bezala". Nolabait esateko, Otegiren aburuz, "ez dira konturatu PPk, Ciudadanosek eta Voxek ez dutela ezberdin pentsatzen".
Otegik ziurtatu duenez, hiru alderdi horiek bat datoz erabakitzeko eskubidea ukatzean, Konstituzioaren 155. artikulua ezartzean, etorkinen politika zorroztean eta emakumeen eskubideen arloan.
Horregatik, "begirada guztiak Voxek bereganatu dituen arren", aldaketaren aurka azaldu den lehen alderdia PP dela nabarmendu du, atzo bertan Pablo Casadok egindako adierazpenak adibide hartuta. 155. artikulua "zabaltzea" proposatu zuen Casadok, Kataluniari jarritako zigorra arinegia zela iritzita, eta Estatua guztiz zentralizatzearen alde azaldu zen, bereziki, Osasun eta Hezkuntza gaietan.
"Gure autogobernuaren bi giltzarri nagusiak Estatu espainiarraren menpe egongo dira", azpimarratu du Otegik, Pablo Casadok Voxen babesari ez diola muzin egin gogora ekarrita.
Egoera honen aurrean, EH Bilduko koordinatzaileak autodeterminazio eskubideari buruzko "herrialde mailako" akordio zabalak proposatu ditu: "Eskubide nazionalak eta sozialak babesten eta bermatzen dituen erregimen demokratiko batean bizi nahi badugu, gure konstituzioa eta gure Estatua edukitzea lortu behar dugu", adierazi du.
Bukatzeko, Otegik esan du PSOE eta Podemos ez dituela gisa horretako akordioak hitzartzeko gai ikusten, erabakitzeko eskubidearen inguruan duten jarrera kontuan izanda. Alabaina, Otegik uste du ezin zaiola inboluzio demokratikoari aurre egin, herrien autodeterminazio eskubidea defendatu gabe.