Politika -

Andaluziako Hauteskundeak

Dimisioa ematea baztertuta, Susana Diazek Ciudadanosen babesa eskatu du gobernatzeko

Halaber, Andaluziako Gobernuko presidente izateko asmoari eutsi diote Morenok eta Marinek. PPk Ciudadanosekin eta Voxekin egin nahi du akordioa; Ciudadanosek, PSOErekin eta PPrekin.

Susana Diaz, hauteskundeen biharamunean. Argazkia: EFE
Susana Diaz, hauteskundeen biharamunean.
Susana Diaz, hauteskundeen biharamunean. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alderdi Sozialistaren zuzendaritza nagusiak Susana Diazek dimisioa eman beharko lukeela iradoki du, erabaki horrek Vox Andaluziako Gobernuan sartzea saihestuko balu behintzat.

Hala adierazi du Jose Luis Abalosek hauteskundeetako emaitzak aztertzeko gaur goizean egin duten bileraren ostean egindako agerraldian. PSOEko zuzendaritzako kidearen esanetan, Andaluziako Alderdi Sozialistak "eraberritzeko beharra" dauka.

Horrez gain, Ciudadanosi zuzendu zaio, eta sozialistekin egin zuten ituna errepikatuko duten edo "eskuin muturrarekin abentura batean murgilduko den" argitu dezala eskatu dio.

Nolanahi ere, Andaluziako Alderdi Sozialistaren zuzendaritzak Susana Diazenganako konfiantza berretsi du eta azken horrek azpimarratu du ez duela dimisiorik emango, hauteskundeak irabazi egin dituelako. "Galdu izan banu, dimititu egin nuke, baina ez da horrela izan", nabarmendu du.

Diazek ez du balizko itunen inguruan ezer zehatzik esan, baina adierazi du bere lehentasuna Vox Gobernura heltzea ekiditea izango dela eta "normalena hirugarrenak (Ciudadanos) lehendabiziko indarra (PSOE) babestea" izango litzatekeela. "Hortik kanpoko guztia arraroa da", erantsi du.

Horrenbestez, Voxekin ezik, Konstituzioaren aldeko alderdi guztiekin harremanetan jartzeko asmoa duela esan du.

PPk Ciudadanosen eta Voxen babesa eskatu du

Juanma Moreno Andaluziako Alderdi Popularraren buruzagiak "albo batera" egin dezala eta "ezinezko itunak" bilatzeari uko egin diezaiola exijitu dio Susana Diazi. "Zure garaia amaitu da", azpimarratu du.

Andaluziako Gobernuko presidente izateko asmoa berretsi eta Ciudadanosen eta Voxen babesa eskatu du horretarako.

Agerraldian Pablo Casado izan du alboan. Albert Riverarekin eta Santiago Abascalekin negoziazioak abiarazteko lehendabiziko harremanak izan dituela jakinarazi du. Ildo berean, Juanma Morenok Ciudadanoseo presidentegaiarekin hitz egin du jada. Francisco Serrano Voxeko hautagaiarekin, ostera, oraingoz ez da izan.

Ciudadanosek PP eta PSOErekin egin nahi du ituna

Jose Manuel Villegas Ciudadanoseko idazkari nagusiak "aldaketa" ez blokeatzeko eta Ciudadanosek zuzendutako gobernu berri bat babesteko eskatu die Alderdi Popularrari eta PSOEri.

Alabaina, ez du bestelako aukerarik baztertu, ezta Voxekin ituna egitea ere, Andaluziako presidente berria Juan Marin izango bada.

"Andaluziak hobera egin dezan, moderazioan eta eraberritzean oinarritutako gobernua osatu nahi dugu", azpimarratu du. Aldi berean, baina, "une honetan ezin dugu ezer baztertu", adierazi du Voxi aipu eginez.

Ciudadanosen zuzendaritza asteazkenean bilduko da negoziazioa nola bideratu erabakitzeko.

Vox, PSOEren kontra

Bien bitartean, Santiago Abascalek nabarmendu du Vox ez dela inoiz oztopo bat izango "ustelkeria sozialista" Andaluziako Gobernutik kanporatzerakoan.

Nolanahi ere, Abascalek zehaztu du ez dagokiola bere alderdiari iniziatiba hartzea eta gaineratu du datorren asteazkenean egingo dutela zuzendaritza-bilera balizko itunen aurrean zer jarrera hartu erabakitzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika