Politika -
Elkarrizketa ETBn
Sorturekin geroz eta gehiago bat datozela esan du Zabaletak
Aralarreko buruaren ustez, bere alderdiak hauteskundeetarako proposatzen duena "ezberdina eta berariazkoa" da. "Eraiki behar dugun eremu politikoa anitza da eta berdingabea", azpimarratu du.
Erredakzioa
Bere alderdiak hauteskundeetarako proposatzen duena "ezberdina eta berariazkoa" da, esan du ETBn eskainitako elkarrizketan. Etorkizuneko ezker abertzaleak "eraiki behar dugun eremu politikoa anitza da eta berdingabea", gaineratu du.
ETAren su-etenaren ostean, Aralarren eta legeztatutako Sorturen artean zein alde dagoen galdetuta, Zabaletak esan du bi alderdien artean "bat-etortze gehiago" daudela "orain". "Hala ere, autodeterminazio eskubidea edo lurraldetasunaren gainean zenbait desadostasun ditugu oraindik", zehaztu du.
Aralarreko buruaren aburuz, "ezinbestekoa" da ETAk beste agiri bat publiko egitea. Horretan, "urtarrilaren 10ekoan egin zuen bezala, Gernikako Akordioa aipatzeaz eta goraipaitzeaz gain, bete egin behar du".
EA Nafarroa Bai koaliziotik irten eta gero, alderdi horrekin duten harremanari buruz ere hitz egin du Zabaletak. Aralarreko koordinatzaileak argi utzi duenez, "antzinako Batasunarekin bezala, EArekin ere Aralar neurri handi batean bat dator arlo politikoan". Hori horrela, euren "aurkari politikoa UPN da eta ez EA", nabarmendu du.