Politika -

Datuak Babesteko Legea

Sarean dauden iritzi politikoak arakatu ahalko dituzte alderdiek, gaurtik aurrera

Artikulu berriak zehazten duenez, alderdi politikoek webguneetatik edota sarbide publikoa duten beste iturri batzuetatik jaso ahalko dituzte datu pertsonalak, politikan erabiltzeko.

ETBren bideo batetik ateratako irudia
Internet bidez iritzi politikoak jaso ahalko dituzte alderdi politikoek
ETBren bideo batetik ateratako irudia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaurtik, abenduaren 7tik, aurrera, indarrean egongo den Datu Pertsonalak Babesteko Lege Organikoari esker, alderdi politikoek Interneteko erabiltzaileen datu pertsonalak bildu ahalko dituzte, hauteskunde jardueretan erabiltzeko. Hau da, erabiltzaileek emandako iritzi politikoak arakatzeko baimena izango dute, betiere, helburu politikoetarako bada. Horixe da, hain zuzen, Estatuko Aldizkari Ofizialak ostegun honetan egindako argitalpenak jasotzen duena.

Lege Organiko horren ’58 bis’ artikuluak babestu egiten du "hauteskunde jardueretarako alderdi politikoek iritzi pertsonaletan oinarritutako datu pertsonalak biltzea", baina horretarako "berme egokiak" eskaini behar dituzte.

Gainera, artikulu berri horrek zehazten du "alderdi politikoek, koalizioek eta hauteskunde-taldeek webguneetatik edota sarbide publikoa duten beste iturri batzuetatik jaso ahalko dituztela datu pertsonalak hauteskunde-kanpainan".

Arau horrek polemika eragin zuen zenbait politikariren eta gizarte erakunderen artean, sare sozialetan argitaratutako iritzietan oinarrituta, alderdiek herritarren profil politikoak sortzeko aukera izango dutela iritzita. Izan ere, Podemosek iragarri zuen Auzitegi Konstituzionalera joko zuela, arau horrekin bat ez zetorrelako.

Nolanahi dela, Mar España Datuak Babesteko Espainiako Agentziako presidenteak ohartarazi du "gertutik eta zorrotz" zainduko dutela alderdi politikoek datu pertsonalei ematen dieten erabilera. Halaber, berretsi du "ilegala" dela Interneten herritarrek emandako iritzietan oinarrituta profil ideologikoak sortzea, baita hauteskunde-propaganda erabiltzaileari zuzenean bidaltzea ere.

Datuak Babesteko Legeak espainiarren eskubide digitalak arautzen ditu; testamentu digitala, ahaztua izateko eskubidea, Interneten zuzenketak egiteko aukera edota adin txikikoen babesa, besteak beste.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Espainiako Gobernua Alderdi politikoak Eguneko albisteak Albisteak