Politika -
Atxiloketa
Carlos Garcia Julia, Atochako sarraskiaren egileetako bat, atxilotu dute Brasilen
Falangeko kidea 193 urtera zigortu zuten, baina 14 urte baino ez zituen eman espetxean. 1992an, baimen bat baliatuta, Latinoamerikara ihes egin zuen.
Agentziak
Brasilgo Poliziak Carlos Garcia Julia, 1977an Atochako (Madril) abokatu bulego batean egindako sarraskiaren egileetako bat, atxilotu zuen atzo, ostegunarekin. Auzitegi Nazionalak hura bilatzeko eta atxilotzeko agindua eman eta bi urtera atxiki dute Garcia Julia.
Brasilgo Poliziaren arduradunek eta Espainiako Poliziaren buru eta komisario batek gaur emango dituzte atxiloketaren xehetasunak.
Garcia Julia Falangeko kidea zen hilketa gertatu zenean (1977ko urtarrilaren 24an). Egun hartan, Atochako abokatu bulego batera sartu zen, Jose Fernandez Cerrarekin batera, eta bost lagun hil zituen tiroz: Enrique Valdelvira, Javier Sauquillo eta Luis Javier Benavides abokatuak, Serafin Holgado ikaslea eta Angel Rodriguez administraria. Horiek hiltzeaz gainera, lau pertsona larri zauritu zituzten. Biktima guztiak PCEko eta CCOO sindikatuko kideak ziren.
Hilketa hura trantsizioaren sinbolo bilakatu zen. Ordutik, "Atochako sarraskia" izenaz ezagutzen dira gertakariok.
1980an epaitu zuten Atochako sarraskia, eta Garcia Juliari eta Fernandez Cerrari 193 urteko kartzela-zigorra ezarri zieten.
Ihes egin zuen, baimen bat baliatuta
Garcia Juliak 14 urte eman zituen kartzelan. 1992an baldintzapeko askatasunean utzi zuten, eta, aukera hori baliatuta, Latinoamerikara ihes egin zuen. Fernandez Cerra ere bertara joan zen aske utzi zutenean.
1997an, Boliviako hiriburuko espetxe batean atzeman zuten Garcia Julia. Zigorra betetzen ari zen droga trafikoagatik. Ikerlarien esanetan, droga salduta irabazitakoak talde parafaxistak finantzatzeko erabiltzen zituen Garcia Juliak.
Auzitegi Nazionalak 2001ean eman zuen Garcia Julia estraditatzeko agindua, eta 2016an berriro eguneratu zuen. Garcia Juliari 10 urte baino gehiago geratzen zaizkio betetzeko.