Politika -
Itxieraren 8. urtemuga
Auzia amaitu ez dela gogorarazi dute Egunkariko auzipetuek
"Bukatu zen auziaren muina bilakatu zen atal politikoa. Baina eduki ekonomikoko sumarioak aurrera jarraitzen du, eta bertan daude zigor eskaririk gogorrenak", azpimarratu dute zortzi auzipetuek.
Erredakzioa
"Auzia ez da oraindik amaitu", gogorarazi dute atal ekonomikoko zortzi auzipetuek Egunkaria itxi zutenetik zortzi urte bete direnean.
"Bukatu zen auziaren muina bilakatu zen atal politikoa. Baina eduki ekonomikoko sumarioak aurrera jarraitzen du, eta bertan daude zigor eskaririk gogorrenak", nabarmendu dute Andoianen (Gipuzkoa) emandako prentsaurrekoan.
Hori horrela, "atal politikoaren itxiera" eta absoluzioa "garaipena" izan zela onartu dute. Baina "pozak" itsutzen ez dituenez, "Damoklesen ezpata oraindik" euren "buruen gain zintzilik" dutela adierazi dute.
Horrez gain, "gertatukoaren aurrean kontuak eskatzeko epaitegietara" jotzea aztertzen ari direla iragarri dute; absoluzioa lortu arte "zazpi urteetako eraso bortitzak" jasan dituztelako.
Kasua une honetan Donostiako Penaleko epaitegiaren esku dago. Kalifikazio eta entzutegi berri batean egonik, auzia berriro "hutsetik hasi" behar da, azaldu dute. Fiskalaz eta defentsaz gainera Dignidad y Justicia elkartea, herri akusazio gisa aurkeztu da oraingoan ere.
Zortzi dira oraingoan auzipetuta gaudenak : Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Joxemari Sors, Mikel Sorozabal, Fernando Furundarena, Ainhoa Albisu, Begoña Zubeltzu.