Politika -
Kolpearen 30. urteurrena
Non daude otsailaren 23ko kolpistak?
Armada jeneral ohia eta Tejero Guardia Zibilaren teniente koronel ohia margolan, liburu eta lore artean bizi dira, bizitza publikotik aparte.
Erredakzioa
1981eko otsailaren 23ko estatu-kolpe saiakera izan zela 30 urte bete dira gaur eta bi arduradun nagusiak, Alfonso Armada jeneral ohia eta Antonio Tejero Guardia Zibilaren tenien koronel ohia, margolan, liburu eta lore artean bizi dira, bizitza publikotik aparte.
Tejero, Kongresuan "¡Quieto todo el mundo!" ezagun hura esan zuena, Malagan eta Madrilen bizi da. Pintura zale sutsua denez, guardia zibil ohiak margolanak egiten eta baratzeko lanak egiten pasatzen du denbora. Gainera, memoriak idazten ari ote den ere zabaldu da.
Armada jeneral ohia Madrilen eta Pazo de Santa Cruz de Rivadullan (Santiagotik oso gertu dagoen herria) bizi da. Inguru hori landare mota ugariren oasi gisako bat omen da eta jeneral ohiak kameliak landatu eta saltzen ditu.
Justizia Kontseilu Gorenak Tejerorekin eta Armadarekin batera 30 urtera zigortu zuen hirugarrena, Jaime Milans del Boch teniente jenerala, 1997an hil zen eta Toledoko Alcazarreko kriptan hilobiratu zuten Gerra Zibilean egindako lanagatik.
Hiruetatik, Tejerok soilik eman zituen 15 urte baino gehiago preso, izan ere, Armada indultatu egin zuten osasun arrazoiengatik eta 1989an atera zen presondegitik, eta Milans 1990eko uztailaren 1ean geratu zen libre.
Estatu kolpe saiakeragatik auzipetu zituzten 33 pertsonetatik, 30 errebelamendu militarragatik zigortu zituzten Auzitegi Gorenean, 1983an.
Auzipetu zibil bakarra, Juan Garcia Carres abokatu eta sindikatu frankistaren burua, 1986an hil zen bihotzekoak jota.
Espainia demokratikoaren gau luzeenaren 20. urteurrenerako, auzipetuak jada ez zeuden Armadan eta estatu-kolpe saiakera auzitegien afera izatetik historiara pasa zen, delituak preskribitu egin zirelako.