Politika -
Elkarrizketa Boulevarden
'Denborak arrazoia ematen dio' EAri, Carlos Garaikotxearen esanetan
Radio Euskadin egindako elkarrizketan, bakerako bidean "historikoa" izan daitekeen unean dago Euskadi, adierazi du lehendakariak.
Erredakzioa
Bakerako bidean "historikoa" izan daitekeen unean dago Euskadi, Carlos Garaikoetxea lehendakariaren hitzetan. Ezker abertzaleari "hurbildu izanagatik" Eusko Alkartasunak kritikak jaso zituen, baina "denborak arrazoia ematen dio" EAri, erantsi du lehendakariak.
Radio Euskadin egindako elkarrizketan, "hurbilketa horrekin estrategia politiko-militarra uzten lagundu eta bide baketsu, politiko eta demokratikoetara pasatzea erraztu" nahi zutela azpimarratu du Garaikoetxeak. Horregatik, "mundu" horretan izandako "aldaketa garrantzi handikoa" izan dela adierazi du.
Zentzu horretan, "garrantzitsuena pasatu" dela nabarmendu du: "ezker abertzaleko oinarriek bide argi bat aukeratu dute, izan ere, behin eta berriz eskatu izan zaien bezala ETArengandik eta indarkeriarengandik aldendu dira espreski". "Espainiako eskuineko sektore erreakzionarioenak ere neurri batean onartzen hasi dira hori", gaineratu du agintari ohiak.
"Orain borondateen prozesua dator", Garaikoetxeak aurreratu duenez. Epaileek "ezin dituzte borondateak edo sinesgarritasuna epaitu" Sorturen legezkotasuna erabakitzeko, orain arte esandakoa aztertuz baizik. "Indarkeria gaitzesten dutela esan dute literalki", Garaikoetxearen ahotan, "hori funtsezkoa da".
"Itxaronaldia"
ETAk behin betiko indarkeria utziko duela iragarri aurreko "itxaronaldi batean" gaudela uste du lehendakariak. "Horrela ulertu nahi dut", esan du. Hala ere, "funtsezko pausoak eman" dituztela uste du.
Era berean, auzitegiek Sortu legez kanpo utz dezaketenik baztertu du Garaikoetxeak, baina "denboraz kanpo egiteko aukera" dagoela erantsi du. Hau da, "hauteskundeak egin eta ondoren legeztatzea izan daiteke, denboraldi batean koarentenan izatea eskatzen dutenak asetzeko", gaineratu du.