Politika -
UDAL HAUTESKUNDEAK
Raquel Gonzalez izango da PPren Bilboko alkategaia
Getxoko zinegotzia da gaur egun, eta Bizkaiko PPko presidentea ere bada 2017ko ekainetik.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
2019ko maiatzean egingo diren udal hauteskundeei begira, PPk Bilboko Udalerako zerrendaburua aukeratu du. Raquel Gonzalez Bizkaiko presidentea izango da PPren Bilboko alkategaia.
Getxoko zinegotzia da gaur egun, eta Bizkaiko PPko presidentea ere bada 2017ko ekainetik. Nerea Llanosi gailendu zitzaion presidentea aukeratzeko hauteskundeetan.
Raquel Gonzalezek astelehen honetan eskainitako prentsaurrekoan azaldu duenez, "erantzukizunez eta harrotasunez" ekingo dio erronkari. Ez ditu berarekin batera zerrenda osatuko dutenen izenak aurreratu, baina Bilborako proiektua prestatzeko lanetan buru-belarri ari dela azpimarratu du.
PPk Bilboko alkate izateko hautagaiaren berri eman ostean, Ahal Duguren zerrendaburua nor izango den jakitea besterik ez da falta. Koalizio moreak urtarrilean egingo dituen barne hauteskundeetan erabakiko du bere hautagaia, baina Juan Luis Uria legebiltzarkidea eta Bilboko Ahal Duguko idazkari nagusia da faboritoa. EAJk Juan Mari Aburto hautatu du alkategai izateko, PSE-EEk Alfonso Gil eta EH Bilduk Jone Goirizelaia abokatu eta legebiltzarkidea.