Politika -
Katalunia
Abenduaren 18an abiatuko dute Kataluniako prozesuaren inguruko epaiketa
Defentsek eskatu bezala, auzia berak epaitu behar duen aztertu beharko du egun horretan Auzitegi Gorenak.
Agentziak | Erredakzioa
Auzitegi Gorenaren Zigor arloko Bigarren Salak abenduaren 18an abiatuko du Kataluniako prozesuaren inguruko epaiketa. Egun horretan aurretiazko eginbideak aztertzeko saioa ezarri du Auzitegiak. Izapide horrekin abiatuko dute Kataluniako 18 buruzagi independentisten kontrako epaiketa.
Defentsek egindako eskaera bati jarraiki, auzia epaitzea berari dagokion aztertu beharko du Gorenak gaur zortzi. 18 akusatuen defentsako abokatuen esanetan, Kataluniako Auzitegi Nagusiak epaitu beharko luke afera, Kataluniako prozesua bera, 2017ko irailaren 20 eta 21ko gertakariak eta U-1eko erreferenduma Katalunian gertatu zirelako.
Akusatuek ez dute saio horretan egon behar, eta beraz, preso dauden kideak ez dituzte Madrilera eraman beharko. Matxinada, sedizio, desobedientzia eta diru publikoa bidegabe eralgitzea egotzita, 18 buruzagi independentista epaituko ditu Gorenak. Horietatik bederatzi (Oriol Junqueras, Carme Forcadell, Jordi Turull, Raul Romeva, Josep Rull, Dolors Bassa, Joaquim Forn, Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart) behin-behinean preso daude Kataluniako hiru espetxetan.
Gorenak auzia berari dagokiola erabakitzen badu, aldeek 10 eguneko epea izango dute euren idatziak aurkezteko.
Ahozko epaiketaren lehen itaunketak urtarrilean egingo dituzte, iturri judizialen arabera.