Politika -

Katalunia

Fiskaltza Mossoak ikertzen ari da CDRen ekintzak ez eragozteagatik

Kataluniako Fiskaltza Nagusiak ikerketa zabaldu du. Konstituzioko azken zubian zenbait autobide itxi eta bidesarietako barrerak altxatu zituzten Errepublikaren Defentsa Batzordeek.

CDRen ekintza Kataluniako autobide batean. Artxiboko argazkia: EFE
CDRen ekintza Kataluniako autobide batean. Artxiboko argazkia: EFE
CDRen ekintza Kataluniako autobide batean. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kataluniako Fiskaltza Nagusia Esquadra Mossoak ikertzen ari da, Errepublikaren Defentsa Batzordeen (CDR) ekintzak ez eragozteagatik. Konstituzioko azken zubian zenbait autobide moztu eta bidesarietako barrerak altxatu zituzten CDRek.

Francisco Bañeres Kataluniako fiskalburuak dekretuan ohartarazi duenez, CDRen jokabidea eragozteko mossoen “behartzerik izan ez” zela baieztatzen baldin bada, agenteen jokaerak “erantzukizuna izan dezake”. Ondorioz, ikerbidea hasteko agindua eman du fiskalburuak.

Konkretuki, autobide mozketetan eta bidesarietako hesiak altxatzeko CDRen ekintzetan, Kataluniako Poliziak egindako lana laburbilduz txosten bat bidaltzeko hamar eguneko epea eman dio Bañeresek Miquel Esquius Mossoen buruzagiari.

Txostenean, operazioen arduradunak, aginduak edo komunikazioak zehazteko eskatu dio fiskalburuak Mossoen buruzagiari, baita “istiluen” laburpen bat ere.

Gironan eta Terrassan (Bartzelona), Voxen ekitaldien aurka protesta egin zuten manifestari taldeek iragan Konstituzio Egunean, eta Esquadra Mossoek azken horien kontra kargatu zuen. Quim Torra Generalitateko presidenteak mossoen jokabidea kritikatu zuen. Bi egun geroago, abenduaren 8an, CDRek AP-7 autobidea 15 orduz moztu zuten l’Ampollan (Tarragona).

Abenduaren 9an, CDRek Kataluniako zenbait autobidetako bidesarien hesiak altxatu zituzten, Konstituzioko zubiaren itzulera operazioan. Fiskaltzaren hitzetan, “errepide horietatik zihoazen hainbat gidarik doan egin zuten ibilbidea, enpresa emakidadunaren kaltetan”.

Indarra erabiltzea

“Gertaera batean zein bestean, Esquadra Mossoak bertaratu ziren; baina agenteek ez zieten manifestariei protesta egiteko asmorik kendu”, azpimarratu du Ministerio Publikoak.

Fiskalburuaren ahotan, “beharrezkoa izatekotan”, Mossoek “ezinbesteko eta neurrizko” bortxarik ez zuten erabili CDRen aurka, “legez kanpoko ekintza baten aurrean ordena juridikoa berrezartzeko”. Horrela, manifestariek “justifikaziorik gabeko presentzia” lortu eta “autobideko hainbat erabiltzaileren” zein enpresa emakidadunen eskubideak urratu zituzten, erantsi duenez.

Kataluniako autobideetan, iragan asteburuan, CDRek egindako ekintzen harira, Estatuko segurtasun indarren “neurrizko esku-hartzea” aginduko duela ohartarazi dio Espainiako Gobernuak Generalitateari, Mossoek “ordena publikoa bermatu barik” jarraitzen baldin badute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Kataluniako erreferenduma Eguneko albisteak Albisteak Kataluniako prozesua zuzenean