Politika -

Torturak

Eneko Compainsen tortura salaketa berriro artxibatu du Nafarroako Auzitegiak

"Bukatutzat eman dut torturaren aurkako borroka. Nire salaketa eta Istanbulgo protokoloaren berrespena ez dira Justiziarentzat nahikoa izan", esan du Twitter bidez Compainsek.

Eneko Compainsek jasandako tortura salatzeko elkarretaratzea. ETBren bideo batetik ateratako irudia
Eneko Compainsek jasandako tortura salatzeko elkarretaratzea
Eneko Compainsek jasandako tortura salatzeko elkarretaratzea. ETBren bideo batetik ateratako irudia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eneko Compains Sortuko Kontseilu Nazionaleko kideak salatu du Espainian tortura kasuak ez direla zigortzen. Sortuk ere gauza bera esan du, "eskandalua" dela iritzita.

2010ean atxilotu zuten Compains, Ekineko kide zelakoan. Lau egunez inkomunikatuta eta begiak estalita egon zen. Gainera, orduan jarritako salaketan adierazi zuenez, torturak jasan zituen, baina gaur bertan kritikatu du ez zutela "ikerketa sakon eta eraginkorrik" egiteko borondaterik erakutsi.

Izan ere, Auzitegi Konstituzionalak Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiaren jurisprudentzia betetzea agindu zuen. Hori dela eta, 2017an abiapuntura itzuli zen berriro Compainsen kasua.

Guardia Zibilek eta auzitegiko sendagileek deklaratu ostean, tortura salaketa berriro artxibatzea erabaki dute, eta Nafarroako Auzitegiak berretsi egin du erabakia, "froga nahikorik" ez dagoela argudiatuta. Halaber, Istanbulgo protokoloari buruzko txostena froga gisa erabiltzea baztertu du.

"Ondorioa argia da: beste behin ere, tortura kasuetan ezarri ohi duten zigorgabetasunak irabazi du", azpimarratu du. Bestalde, iragarri du bukatutzat eman duela Justiziaren aurkako borroka, "antzua izan delako". Nolanahi dela, "justizia, biktimen onarpena eta tortura kasu gehiago ez egotea" aldarrikatuko du kalean.

Sorturen iritziz, gertatutakoa "eskandalua" da. Horixe da, hain zuzen, Aritz Romeo Sorturen Nafarroako arduradunak esan duena. "Milaka independentisten kontrako tortura kasuak agerian geratu dira", gaineratu du. Horregatik, Eusko Jaurlaritzaren ereduari jarraituta, txosten bat egiteko eskatu dio Foru Gobernuari.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Sortu Nafarroa Epaiketak Eguneko albisteak Albisteak