Politika -
Balantzea
Alderdien helburua 'ETAren amaiera' dela egiaztatu du lehendakariak
Patxi Lopezek, bestalde, errefusatu egin du alderdien mahai bat eratzea, izan ere, "ETAk bere helburu politikoak lortzeko egiten duen aldarrikapen zahar bat da hori".
Erredakzioa
Patxi Lopez lehendakariak atzo esan zuenez, alderdi politikoen helburu nagusia "ETAren eta terrorismoaren amaiera lortzea da", hori egiaztatu ahal izan duela azkenaldian euskal alderdi politikoekin egin dituen bileretan.
Patxi Lopezek prentsaurrekoa eman zuen Lehendakaritzan euskal alderdiekin (Legebiltzarrean ordezkariak dituztenekin) egindako bilera-sortaren balantzea egiteko. Sorturen aurkezpenaren ondoren, egungo testuinguru politikoaz hitz egiteko bildu zen alderdi politikoekin.
Lehendakariak azaldu zuenez, alderdi politikoek ikuspuntu desberdinak dituzte gai batzuen inguruan, baina "erabateko adostasuna" omen dago puntu batean: lehentasun nagusia "ETAren eta terrorismoaren amaiera lehenbailehen lortzea" dela.
Errefusatu egin zuen alderdien mahai bat eratzea, izan ere, "ETAren aldarrikapen zahar bat da hori". Lehendakariaren esanetan, erakundeak eta Legebiltzarra dira Euskal Herriaren etorkizunaren inguruan eztabaidatzeko lekua.
Horren harira, Sortu legezkoa bada haiekin ere bilduko dela iragarri zuen.
Lehendakariak berretsi zuen "zero tolerantzia" politika izan dela egungo egoera ekarri duena, baina ohartarazi zuen oraindik ez direla "helmugara" iritsi. "Terrorismoaren kontrako borroka eta totalitarismoan oinarritutako planteamenduen kontra irabazle bakarra egon daiteke: demokrazia eta herritarren askatasuna", azpimarratu zuen.
Patxi Lopezen esanetan, demokratak ez dira ETA betiko desagertu arte konformatuko eta ezker abertzaleari "hasitako bidea" amaitzeko eta "urtetan egindako engainuen ondorioz eragindako konfiantza eza argitzeko" eskatu zion.
Lehendakariak uste du euskal gizartearen konfiantza berreskuratzeko ezker abertzaleak "ekintza argiekin" erakutsi behar zuela "iragana utzi duela, eta indarkeria betiko baztertu duela".
Sortu
Sorturen etorkizunaren inguruan, lehendakariak gogorarazi zuen auzitegiak izan zirela Batasuna legez kanporatu zutenak eta orain ere Justizia izan behar dela Sortuk legeak betetzen dituen ala ez erabaki behar duena.
Kazetarien galderei erantzunez, Patxi Lopezek aitortu zuen Sortu bilera-sortaren barruan sartuko duela legezkoa dela ebazten badute, izan ere, berak ez omen dio inoiz alderdi legal batekin biltzeari uko egingo.
Bilera gehiago
Etorkizunari begira, lehendakariak esan zuen bilera horiek euskal gizartearen elkarbizitza ona sustatzera bideratu behar direla, justiziaren printzipioetan oinarrituta, "egindako kaltea onartzeko".
Lehendakariak biktimen elkarteek Sorturen legeztatzearen kontra deitu duten manifestazioa ere izan zuen hizpide eta haien "ikuspuntua desegokia" dela iritzi zion, Sorturi buruzko erabakia auzitegiek dutelako.